GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Munduko Txapelketa

Unai Etxebarria: «Azaltzea espero dut Alemanian»

Azkenak eman ditu Euskaltel-Euskadi taldean, baina Venezuelako elastikoa jantziko du Mundialean

p00_f01_199x116.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Euskaltel-Euskadi taldearen elastikoa orain dela bi hilabete defendatu zuen azken aldiz; Stuttgarteko Munduko Txapelketan, berriz, Venezuelako elastikoa jantziko du Unai Etxeba- rria euskaldunak. Lehendabizikoan, Atenasko 2004. urteko Olinpiar Jokoetan aritu zen; igandean, ordea, Stuttgarten lehiatuko da. Horregatik hainbat entrenamendu egin ditu etxean maila mantentzeko. Hain zuzen, azkenak eman ditu betiko taldean 12 denboralditan onenak eman ondoren. Uztailean, Gonzalez de Galdeano idazkari nagusiak lekua ez zuela iragarri zion, Euskaltel-Euskadiren aro berria dela-eta.

Denboraldiko aurreneko zatian, ezin hobeto moldatu zen Etxebarria; Mallorcan gailendu zen eta ibilbideko bederatzigarren garaipena eskuratu zuen, Euskaltel-Euskadiren urteko aurrenekoa, hain zuzen ere. Betiko moduan, protagonista izan zen hainbat ihesaldietan; bigarren zatian, aldiz, gutxi korritu du 34 urteko durangarrak. «Ez naiz gehiegi lehiatu, baina ilusioa dut lasterketa on bat burutzeko Mundialean», esan zigun atzo.

Getxo, Urkiola eta Eneco Tourra azken lasterketak izan ditu. Horregatik, entrenamenduetan eman du dena sasoiko heltzeko Alemaniara, «Durangoko multzoarekin, baina egun hauetan gutxi egon gara», aitortu du.

Hain justu, Eneco Tourrean baieztatu zion Giovanni Savio hautatzaileak Mundukoan aritzeko aukera izango zuela, «denboraldi hasieratik txartela nuela esan zidaten arren». «Ordutik entrenatzen egon naiz, eta pixka bat gogorra izan da». Dena dela, «gustura» eta «pozik» ibili da azken asteetan.

Hala, ondo aritu nahi du. «Nire ezaugarriei begira, egun bateko lasterketak aproposenak di- tut, eta horregatik azaltzea espero dut eta gauza polita egin».

«Gazteak nahi dituzte taldean»

Etxebarriak urte onenak eman ditu Euskaltel-Euskadin eta bederatzi garaipen erdietsi ditu, hala nola Espaniako Itzulian, Dauphine Liberen edo Laudioko eta Zornotzako klasikoetan. Ezbairik gabe, txirrindulari lehiakortasuenatarikoa izan da. Horregatik, berritzeko ez zuela ez zuen espero.

«Nik beste denboraldi bat ematea uste nuen Euskaltel-Euskadi taldean, lasterketa bat irabazita eta urte osoan ondo ibilita, batez ere. Igorrek -Gonzalez de Galdeanok- esan zidan nire lanarekin pozik zegoela baina taldea beste ildo berritik eraman nahi zuela, filosofia aldaketa egin nahi zuen, azken finean, eta gazteak hartzea nahiago zuela».

«Eskubide osoa dute erabaki hori hartzeko, noski; behintzat akordio batera heltzea espero nuen beste urte bat emateko, ordea», gehitu du.

Azkenak eman zituela sumatu zuen bigarren zatiko egutegia jaso zuen bezain laster, proba gutxi zituen korritzeko. Egoera argitzeko Gonzalez de Galdeanori deitu zion berehala eta horrek kezkak baieztatu zizkion.

Beraz, ez du talderik hurrengo urteari begira, eta «ahalegin guztiak» egingo ditu jarraitzeko. «Gogokoena daukat momentu honetan; izan ere, Pekingo Olinpiar Jokoak eman nahi diot amaiera polita nire ibilbideari. Edozein kasutan ere, litekeena da Mundiala nire azken lasterketa izatea, eta hala onartuko nuke, pozik bainago emandako mailarekin».

Tropelean beste urte bat emateko, «ezinbestekoa» du «baldintza minimoak», hau da, «ez edozein egoeratan lehiatu». «Tropelean estatusa badakukat eta horri ezin diot uko egin». «Harreman» batzuk izan ditu Etxebarriak: «Talde batzuekin hitz egin dut eta oraindik ez dago ezer zehaztuta, batez ere, baldintza batzuk nahi dituelako».

Argi du txirrindularitzaren egoera ez dela onena: «dena geldituta dago, iskanbila asko daude, hainbat babesle desagertuko dira; esaterako, Discovery eta Gerolsteiner», amaitu du.

PRESTAKUNTZA

Azken lasterketa Eneco Tourra izan zuen abuztuaren bukaeran, eta horregatik mailari eusten saiatu da etxean, erraza izan ez den arren hainbat egunetan entrenatzen ematea egun batean lehiatzeko.

BALDINTZAK

Beste urte bat eman nahi du Etxebarriak, Olinpiar Jokoetan aritzeko, batez ere, baina ez du nahi edozein egoeratan lehiatu, «baldintza minimoak» eskatuko ditu 12 urtean ibilbide oparoa eta ospetsua bereganatu ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo