Iker Martinez de Lagos Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
Mugak eta lagunak
Euskaltegiek eta zenbait erakundek hartzen dute kanpainak egin eta euskara ikastera deiak egiteko ardura, baina euskaldunok ere badugu zer eskainia eta zer emana
Kartelez josita aurkitu ditugu egunotan gure herri eta hirietako kaleak, iragarki ugari ere komunikabideetan. Euskaltegietako matrikulazio kanpainak martxan dira. Garai honetan egiten diren kanpainek euskara ikasteko gogoa/beharra dutenak dituzte helburu, euskaldundu nahian dabiltzan pertsonak euskaltegian izena eman eta euskal hiztun bihurtzeko prozesuan sar daitezen.
Euskaltegiek eta zenbait erakundek hartzen dute kanpainak egin eta euskara ikastera deiak egiteko ardura, baina euskaldunok ere badugu zer eskainia eta zer emana, euskara ikastearen gaineko mito batzuk apurtzen eta komunitatea osatzen.
Mugak. Euskara ikasteko orduan mugatzat hartzen diren iritzi eta egoerak daude sarri. Horietako bat hitzaldi batean entzun nuen lehenengoz eta iritzi hau idazten hasterakoan baliatu nahi izan dut. Hizlariaren aburuz sarri ez dugu argi azaltzen euskara ikasteak zer ekartzen duen. Euskara ikastea ordu asko eskatzen dituen ahalegina da eta askotan ez omen diegu kontatzen argi eta garbi hori ikasleei.
Baina, ondo pentsatuta, ez al da hizlariak esan zuenaren kontrakoa gertatzen ere? Gizartean beste mezu bat dago zabaldua: euskara ikastearen zailtasunarena. Euskara ikastea prozesu zaila, luzea eta neketsua den iritzia bolo-bolo dabilen zerbait da. Bitxia da, beste hizkuntzei buruz ez baitugu horrelakorik sarri entzuten. Zenbatetan entzuten dugu hori ingelesa, gaztelera, frantsesa, galegoa edo katalanari buruz (inguruko hizkuntza batzuk aipatzearren)? Nik ez dut sarri entzun horrelakorik. Orduan, zerk egiten du euskara bereziki zaila?
Euskara ikasteak aparteko zailtasuna izateko arrazoi modura hainbat aipa daitezke (eta nik baino hobe hizkuntzalari edo soziolinguistek esango dituzte gainera). Niri boteprontoan bizpahiru datozkit gogora: euskarak gure beste hizkuntzekiko (gaztelera, frantsesa) dituen berezitasunak (jatorri, oinarri eta joskera aldetik, batzuk aipatzearren) edo ikasketa prozesua indartu/lagunduko duen ingurua ez izatea adibidez (azken hau neurri batean eztabaidagarria izan daiteke, beste hizkuntza batzuen ikas-prozesua lagunduko duen ingurunerik ere ez baitugu izaten). Hirugarren bat ere badago eta horretan euskaldunok zeresana badugula deritzot: ikasteko motibazioa. Ikasle bakoitzak daukan motibazioa norberarena eta besteekiko ezberdina dela onartuta ere, oro har euskaldunok badugu motibazio horietan eragiteko aukera. Azken finean, muga batzuk apurtzen laguntzeko aukera.
Lagunak (berbalagunak). Euskaltegitik irtenda, ingurune euskaldun bat aurkitzea lagungarria da hizkuntza ikasteko hautua egiten duen lagunarentzat. Inguru hori, gainera, norberaren bizitza aukerekin (zaletasunak, aisialdia, lagunak, inguru afektiboa) lotuta dagoenean, askoz nabarmenagoa da eragin hori. Egun, euskal hizkuntz komunitateak eskaini dezake hori: aisialdirako eskaintza badugu (gero eta oparoagoa), harreman guneak baditugu (badago lanik arlo honetan baina sortzen goaz), informazio iturriak ere baditugu (oraindik gehiago sortu behar ditugu, baina inoiz baino euskarazko komunikabide gehiago eta anitzagoak ditugu) eta hiztun kopurua haziz doa (salbuespenak egon arren). Eskaintza horren (errealitate horren) eta euskara ikasleen zubia egiteko lanean euskaltegiek egiten duten lana oso garrantzitsua da eta euskaldunok ere lagun dezakegu zubi horiek indartzen. Helduen euskalduntze alfabetatzearen, euskara elkarteen eta bestelako erakunde publiko zein gizarte erakundeen arteko harremanetik sortutako mintzapraktika egitasmoak bide erakusle dira, baina norbanakook ere egunero-egunero eskaintzen dugu ekarpen hori eta aurrerantzean ere eskaini dezakegu.
Beraz, aurretik aipatutako hitzaldiko baieztapenari berriro helduta, euskara ikastea beste hizkuntza bat ikastea bezain zaila edo erraza izan daiteke eta, neurri batean, hori ikasleen eta ikaslearen inguruan gauden guztion esku dagoen zerbait da. Bi gonbit egin nahi genituzke lerrootatik:
-Euskara ikasteko urratsa ematea pentsatzen ari direnei batetik. Ez zarete damutuko. Euskaltegietan izena ematea lehen urratsa da eta, hortik aurrera, irakasleez gain komunitate oso bat izango duzue zuekin batera.
-Euskaldunei. Euskara ikasleen euskalduntzea ez da euskaltegien lana bakarrik. Modu natural samarrean izan gaitezke laguntzaile eta horrek gainera aberastu egiten gaitu. Komunitatea handitzeak euskaraz bizitzeko aukera gehiago emango digu eta gure esku ere badago.