GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizen, Uharten eta Arbizun kalte material handiko sabotajeak egin zituzten atzo ezezagunek

p012_f05_088x096.jpg

GARA |

Astelehenetik asteartera bitarteko gauean kalte material dezente eragin dituzten hiru kale eraso jazo ziren euskal udalerri desberdinetan. Hala, Gasteizen, Renault-en auto saltoki baten aurka egin zuten ezezagunek, Arbizun kutxa automatiko baten aurka eta Uharten, gutxienez, zazpi auto kiskali zituen autoen enpresa baten aurka egin zuten erasoak.

Ertzaintzak adierazitakoaren arabera, Arabako hiriburuko Armentia kaleko Renault autoen kontzesionario baten atarian etxean egindako lehergailu bat jarri zuten ezezagunek. Barne Sailaren esanetan, 00.10ak aldera zartatu zen etxean egindako lehergailua. Saltokiaren atean kalteak eragiteaz gain, kanpoaldean zegoen auto bat erabat kiskalita suertatu zen. Nafarroan, ostera, bi izan ziren jazotako sabotajeak.

Arbizun, koktelak jaurtita Nafarroako Kutxaren bulego bateko kutxa automatikoari eraso zioten hainbat lagunek, 2.40ak aldera. Kutxa erabat erabat erreta gelditu zen eta bulego guztia keztatuta.

Uharten, aldiz, industriaguneko Auto-Areta enpresaren kontra egin zuten. Bi molotov koktel enpresa barrura jaurti zituzten ezezagunek, eta zazpi auto kaltetu zituzten. Beste hainbat koktelek, ostera, eraikina belztuta utzi zuten.

Guardia Zibilaren aurka

Bestalde, ezezagun batek bere gain hartu zuen joan den ostiralean, irailak 21, Pasaiako Portuko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako erasoa. Gauerdiaren inguruan, sei molotov koktel jaurti zituzten. Komunikabideek «ekintza hori ezkutatu izana» salatu zuen.

Mutrikun igandean BBVA banketxe baten aurka egin zuten sabotajea eta herri berean abuztuaren 17an Ertzaintzaren aurkakoa bere gain hartu dituzte ezezagunek. Azken hori «polizi bortizkeriari» erantzutea helburu zuela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo