GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gudari eguna 07: Agur eta ohore,Sabin!

 

Gure Herria zapaltzen eta desegiten ari direnek borroka armatua egiteko arrazoirik ez dagoela esaten digutenean, euskaldunoi behingo batean Espainia eta Frantziaren zapalkuntza ontzat eman eta geurea haien Estatu handietako lurralde zati bat baino ez dela onartzea besterik ez zaigula gelditzen esan nahi digute.

Borrokatzeak ez duela zentzurik errepikatzen digutenean, berriz, gure azken helburuak ezinezkoak diren utopiak besterik ez direla jakinarazi nahi digute. Aske izateko esperantza galdu eta azkenean, galtzaile garela ohar gaitezen, alegia.

Euskal Herria heriotzara eramateko mendeetan zehar, mugarik gabe eta krudelkeriari inolako neurririk jarri gabe, une bakoitzean egokienak deritzoten baliabideak erabiltzen dituzten Estatuak ez direla erregimen zapaltzaileak eta gure borrokak ez duela justifikaziorik mintzo dira. Bertatik bertara etsaiaren mesedetan aritzen direnek ere, berarekin kolaboratzen dutenek, mezu berbera errepikatzen digute, askok euren kontzientziak lasaitu nahian.

Lehena mehatxua da: errenditu zaitezte ala inoiz ezagutu ez dituzuen sufrikarioak pairatuko dituzue.

Bigarrena: iraina.

Hirugarrena: traizioa eta koldarkeria.

Duintasuna sekula existitu ez den pentsamenduetatik soilik etor daitezke halako mezu ustelak.

Memoria eta duintasuna izatea delitua egiteraino iritsi direnak eta koherentzia zer den ere ez dakitenak bakarrik saia daitezke sinesgarri egiten herri zapalduak, zapaldua izateari uztea eta horretarako eskura dituen tresna guztiekin borrokatzea biziraupenerako aukera bakarra bihurtua duenean, dagokiona eskuratu gabe borroka egiteari utziko dionik.

Garenari uko eginda, bizi? Ez dute gure Herriaren eta ETAren historia ezagutzen. Menderatzaileak menderatuari historiaren bere bertsio manipulatua inposatzeko egiten duen ahaleginak eraginda, egia zein den ere ahaztu egiten du sarri.

Etsaiaren mehatxuak, irainak eta handinahikeriaren ondoriozko diskurtso eta estrategia zapaltzaile guztiak, bizitza edo bizi osoa Euskal Herriaren askatasunaren alde eman duten Sabin Euba «Pelopintxo» bezalako gudarien koherentzia eta konpromisoaren aurrean, ordea, instante bakar batean antzuak bilakatzen dira.

Hala, Sabin Euba «Pelopintxo» burkidearen ibilbidea bera da aurtengo Gudari Egunean goratu eta zabaldu nahi dugun mezuaren oinarria.

Euskal Herriaren independentziaren alde erakutsitako bere aritze eredugarriak modu ezin hobeago batean laburbiltzen eta adierazten baitu ETAren borrokaren zentzua.

Sabin Eubak hil arteko borrokan zuen onena eman du gizon eta emakume libreez osatutako Euskal Herri aske bat lortzeko eta sortzeko. Borrokan eroritako milaka euskal gudariak bezala, maite zuen bere herria eta konbentzituta zegoen askatasuna lortuko genuela, lortuko dugula. Euskal Herriko Estatua irabaziko dugula.

Sabin Euba gudariak bere bizitzaren pasarte guztietan erakutsi du borrokatzen eta eguneroko ekintzekin egiten dela bidea.

«Oraindik asko borrokatu beharko da Euskal Herriaren askatasuna lortzeko»; Sabinek utzitako testigantza eta mezu hori bururaino eramango dugu.

Etsai boteretsuen aurka, nazio askapen prozesua bere azken portura eramateko daukagun armarik indartsuena, azken helburuengan uste osoan, beti duintasunak eta koherentziak gidatuta, borroka egitea delarik. Herriaren alde, herriarekin batera!

Euskadi Ta Askatasuna

2007ko iraila

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo