EHLGk emariak jasotzeko eskubidea duela ebatsi du Administrazio Epaitegiak
Arantxa MANTEROLA |
Euskal Herriko Laborantza Ganberak emariak jaso ahal izango dituela erabaki berri du Paueko Administrazio epaitegiak. Iaz Ogasun Administrazioak gutuna igorri zion EHLGri, haiek aurrez onartu gabe ezin zituela emaririk jaso esanez.
EHLGko Lagunak elkarteko 1.200 pertsona juridiko eta fisikok diru-emariak egiten dizkiote Ganberari eta haietako batzuei ere, errenta aitorpenetik ezin zutela kenketarik egin, irabazi asmorik gabeko elkarteei eman ohi diren laguntzekin egiten moduan, jakinarazi zieten Ogasun zerbitzuetatik.
EHLGk Jean-Rene Etchegaray abokatuaren bidez helegitea tartekatu zuen. Duela hilabete batzuk neurria etetea erabaki zuen Auzitegiak eta orain, aferaren funtsa aztertu ostean, Ogasunak ez zuela elkarteari halakorik eskatzeko eskuduntzarik deliberatu du.
«Berri ona»
Bai Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidenteak bai Mixel Bidegaian EHLGko Lagunen elkartekoak «berri ona» dela adierazi zuten, atzo Baionan. Erabakiak «Ganberaren aurkako erasoak geldiarazteko» balioko dutela espero dutela gehitu zuten.