GARA > Idatzia > Alaves

Lehen garaipenaren zain

Lan ereduarekin erabateko konfiantza dute jokalariek

Bernardok Nino aurrelaria nabarmendu du bere taldekide ohien jokalari garrantzitsuenak aipatzean

p043_f01.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Iragan hiru urtean izandako esperientzia gogorrek baldintzatuta, esperantzaz eta lasaitasunez hartu dituzte Gasteizen lehen partidetan jasotako emaitza eskasak. Bost jardunalditan garaipenik ez eskuratzeak inguruan lehen kritikak sortu dituen arren, jokalariek erabateko babesa eta konfiantza eman diote orain arte egindako lanari, gauzek hobera egingo dutelakoan.

Mena eta Bernardo izan dira hedabideen aurrean agertu diren bi jokalariak eta biak bat etorri dira hartutako bidetik jarraitu behar dela nabarmentzerakoan. Motrilen berdinketaren gola sartu zuen erdilariak denboraldiaurretik hona egindako lana eta talde barruan hautematen duen giroa goraipatu zituen; baina, batez ere, zaleen artean sumatzen den ulermena eta jarrera, gainerako taldeetan zaila baita halako emaitzekin inork ahorik altxatu ez izana.

Heldu den larunbatean Teneriferen aurka garaipenak ihes eginda ere, Bernardo atezainak orain arte bezala jarraitu behar dutela nabarmendu zuen, emaitza onak lehenago edo geroago iritsi behar dutela sinetsita. «Hala izanda ere, lanean berdin jarraitu beharko genuke, ondo ari baikara. Denboraldia oso bide luzea da, ez gara nahi bezain ondo hasi baina larunbatean emaitza onik lortuko ez bagenu ere, orain arte bezala jarraitu behar dugu. Denborarekin emaitzak helduko dira-eta», agertu zuen atezainak.

Kanariarren aurkakoa partida berezia izango da «bi urte oso on» eman baitzituen bertan Alavesek utzita eta badaki gauzak oso zail ipiniko dizkietela bere taldekide ohiek. «Talde on bat izango dugu aurrean, oso ondo fitxatu dute udan eta norbait nabarmentzearren Nino aipatuko nuke. Bera da taldearen erreferentzia aurrealdean, goleatzaile ona da eta kontuan izan beharrekoa, oso ondo mugitzen baita».

Lehen bi denboraldietan ez zuen lekurik izan eta Tenerifen bilatu behar izan zituen Gasteizen izan ez zituen minutuak. Titularra da orain Extremadurako atezaina eta orain arte taldeko jokalaririk onenetakoa izaten ari da. «Arlo pertsonalean gustura nago, baina nere erronka atea hutsean mantentzen saiatzea da, orain arte ligako bost partidetan egin ez duguna».

min-hartutakoak

Asier Arranz bihar hasiko da ziur aski gainerako taldekideekin lanean eta larunbaterako prest egoteko moduan da. Wellingtonek, ordea, zailago izango du, medikuek oraindik ez baitakite noiz egongo den entrenatzeko moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo