Ez dute mundu guztia engainatzea lortu
Lizartzan dagoen egoera ez-demokratikoari itxuraldatzen saiatu dira asko. Alde batetik, PP eta bere ordezkari Regina Otaola daude. Haiek, Lizartzako herritarren eskubideak ukatu dituzte eta alkatetza inolako eskubiderik gabe eskuratu. Baina ez dira bakarrak. EAJk (gustatu ala ez legeak bete behar omen dira), eta Lakuako Gobernuan dauden indarrek Lizartzakoa ez den alkatearen nahia betearazteko bere Polizia bidaltzen dute, herritarrak jipoitzeko. Gogor saiatzen ari dira demokraziaren kontra dauden gertakariak askatasunaren defentsan eginiko ekintza gisa saltzen. Baina ez dute mundu guztia konbentzitzen lortu. Joan den hilabetean «Time» AEBetako aldizkariak Lizartzako auziari buruzko erreportajea kaleratu zuen. Egia esan, adierazgarria da hemendik oso urrutira milaka eta milaka irakurle dituen aldizkari batek hain herri txiki eta ezezagunari buruz aritzea. Eta ezin imajinatzekoa da haien irakurleek erreportajean esaten diren gauzetatik aterako zuten ondorioa. Europako «demokrazia» batez ari omen dira artikulua sinatzen duten kazetariak, baina alderdi baten legez kanpo uztea, 355 botoetatik soilik 27 lortu dituen eta herritarren hizkuntza ulertzen ez duen alkatea, Ertzaintzaren presentzia itogarria... horiek guztiak kontatzen dituzte. Otaolak, heroi papera jokatzen ibili da azkenaldi honetan, eta, hala ere, ezin izan du guztiei konbentzitzea lortu.