Epailearen erabakiaren zain daude Bortzirietako hiru hautetsi abertzale
Hauteskunde kanpainaren barrenean EAE-ANV-k Lesakan antolatutako ekitaldi bat debekatu zuen Guardia Zibilak joan den maiatzean. Joan den hilabetean, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Iban Maia eta Andoni Sarasola, Lesakako Udalerako hautagaiak epailearen aitzinera deitu dituzte, egun hartan gertatutako istiluak leporatuta. Haiek «EAE-ANV-ren kontrako jazarpena» izan dela eta alderdi hori legearen barrenean dagoela nabarmendu zuten.
Jasone MITXELTORENA |
Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Andoni Sarasola eta Iban Maia Lesakako Udaleko hautetsiak epailearen aitzinetik pasatu ziren atzo, joan den maiatzean EAE-ANV-k Lesakan antolatutako ekitaldi batean parte hartu zutela-eta. Guardia Zibilak debekatu egin zuen ekitaldi hura, eta ondotik txosten bat egin zuen. Bertan, aipatutako hiru ordezkari bortziriarrak auzipetzen ziren. Hasiera batean joan den hilabeterako deitu zituzten, baina orduan bertan behera gelditu zen epaiketa eta atzo izan zen.
Etxalarko alkateari «hauteskunde delitua» egitea leporatzen diote, Guardia Zibila agertu zenean ekitaldi hartako adierazpenak irakurtzen ari zela-eta. Patxiku Irisarri Nafarroako Parlamenturako EAE-ANV-ren zerrendan laugarren postuan aur- keztu zen azken hauteskundeetan, eta Etxalarko alkatetza herri hautagaitzarekin lortu zuen.
Atzo jakinarazi zuenez, haiek auzipetzea «EAE-ANV-ren kontrako jazarpenaren agerpen bat da», eta «alderdi hau legezkoa ez izateko baliatuko dela» uste du. Bere hitzetan «EAE-ANV legezkoa da eta, beraz, eskubidea dute ekitaldiak burutzeko. Hori da gaur epailearen aitzinean defendatuko duguna». Horrez gain, argi utzi nahi izan zuen berak «eskubide politiko eta zibilak» indarrean dauzkala, eta beraz, «horrelako lekuetara etorri behar izatea legearen akatsa» dela nabarmendu zuen.
Sarasola eta Maia dira egun hartan gertatutakoengatik auzipetu dituzten bertze bi lagun. Sarasola ASB-ren zerrendako burua zen Lesakako Udalerako hauteskundee- tan eta Maia, berriz EAE-ANV-koa. Bi gazteei «ordena publikoaren nahasmendua» leporatzen zaie.
Gertakarien egunean ekitaldian zeuden, eta lekukoek kontatu zutenez, Guardia Zibilak debekatu egin zuenean, Maia atxilotuta eraman nahi izan zuten. Inguruan zituenak hori eragozten saiatu omen ziren, eta gisa horretan sortu omen ziren ziren istiluak. Egun hartan GARAri kontatu ziotenez, Maiari Guardia Zibilek emandako tratua «bortitza» izan zen, eta lurrean arrastaka eramaten ere saiatu zirela salatu zuten hainbat lekukok. Atzo akusazioak bi hautetsiek euskaraz botatako oihuak aipatu zituen eta horiek istiluak sortzeko izan zirela aditzera eman zuen, baina defentsa abokatuak azaldu zuenez, «herritarrak lasaiarazteko oihuak izan ziren, eta haien hizkuntzan eginak izan ziren, noski».
Epailearen erabakiaren zain
Auzipetuek gertaeren berri eman zioten atzo, eta orain epailearen esku dago prozesuarekin aitzinera segitu edo deliturik ez dagoela erabakitzea.
Defentsa abokatuak Nafarroan gisa honetako bertze bi kasu gogora ekarri zituen, Euskal Herriko bakarrak, jakinarazi zuenez. Noainen hauteskunde kanpainako ekitaldi batean parte hartzeagatik hainbat auzipetu daudela eta kasuak aurrera jarraitzen duela azaldu zuen. Agoitzen, aldiz, `papeletak' hauteskunde egoitzara sartzen saiatu ziren lagunen kontrako kasua artxibatu egin zuen epaileak.
Hurrengo astean jakinen omen da hiru bortziriarren gaineko erabakia.
Hauteskunde kanpainan Euskal Herri osoan EAE-ANV-ren hainbat ekitaldi debekatu baziren ere, auzipetu bakarrak Noainen, Agoitzen eta Bortzirietan izan direla jakinarazi zuen atzo defentsa abokatuak.
Joan den hilabetean zitatu zituzten lehen aldiz hiru bortziriarrak Iruñeko Auzitegian. Orduan Baztan-Bidasoa aldeko hainbat herritar etorri ziren auzipetuei babesa erakutsi eta «demokrazia eza» salatzeko.