GARA > Idatzia > Zinema

Emakumeak gizonak akabatzeko lanean hasten direnekoa

Hong Kongen milaka emakumek ezin dute etxean haien gizonekin duten egoera jasan; erantzuna: denak akabatzea. Hauxe da «Exodus» filmaren argumentu zoroa.

R.C. | DONOSTIA

Pang Ho-Cheungen «Exodus» filmaren nondik norakoak paranoia itxura duela esan daiteke. Hong Kong inguruko emakumeek «gizonak hiltzeko sindikatua» osatu dute eta urtetan izandako gabezia, engainu eta pena guztiak erdietsi nahi dituzte horrela. Ez da txantxetako kontua; gizonezkoak hiltzeko erabiltzen dituzten metodo anitzen artean, bada pozoin berezi bat (usainik eta zaporerik gabekoa) korroskadak eragiten dituena. Ehungarrengoan, akabo gizona.

Gaia, hala ere, ez da guztiz berria zuzendari novel honentzat. Izan ere, bere lehendabiziko luzean, 2001ean idatzi zuen «You shoot, I shoot»-en, ere gaia antzekoa zen, hori bai desberdintasun batekin: orduan emakume batek hiltzaile bat kontratatu zuen gizona hiltzeko. «Exodus»-en, hortaz, bitartekariak kendu ditu, eta oraingoan emakumeak berak dira hilketak egiten dituztenak.

Zuzendariaren beste lan batzuk hauexek dira: «Men Suddenly in Black», «Beyond Our Ken», «AV», eta «Isabella» entzutetsua; horrekin soinu-banda onenaren Urrezko Hartza saria eskuratu zuen Berlinen 2006an.

Filmaren emanaldiaren ondotik egindako aurkezpenean Pang Ho-Cheungek lanaren zergatiaren gainean mintzatu zen: «Institutuan nengoela neskak denak batera joaten zirela komunera konturatu nintzen. Zertaz hitz egiten zuten pentsatzeari ekin nion orduan eta hauxe emaitza».

«Gizon batek ezin dionean Sistemari aurre egin, Sistemarekin aurrez aurre egiten du topo; ezin du bere indarra bakarrik erabilita arazoa konpondu», esan zuen Ho-Cheung gazteak filmean zer adierazi nahi zuen galdetuta.

Bertan darabilen hizkuntza lagunartekoa da, madarikazioz josita ere, Hong Kongeko gizartean ohikoa den zerbait «gaizki ikusia badago ere», argitu zuen. «Elkarrizketak kaleko hizkeraren erreflexu fidela dira», gaineratu zuen.

S. Ofiziala

Jatorrizko titulua: ``Ceot oi kap gei''.

Zuzendaria: Pang Ho-Cheung.

Interpreteak: Simon Yam, Annie Liu, Nick Cheung eta Irene Wan.

Herria: Hong Kong.

Iraupena: 94 m.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo