Euskal Zinemaren Egunak irentsiko ditu gaur ikusleen begiradak eta kritikak
GARA | DONOSTIA
Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Editore Burujabeen Elkarteak antolatuta, Euskal Zinearen Eguna izango da gaur Donostiako Zinemaldiko egutegian ekitaldirik garrantzitsuenetako bat. Goizeko hamarretatik aurrera, Principe zinemetako 3. eta 6. aretoetan ikusgai izango dira Euskal Herrian egin dituzten hainbat ekoizpen. Esaterako, Lakuako gobernuak sustatutako Kimuak-ek hamargarren urteurrena ospatuko du, eta bere film laburrik onenak emango dituzte. Ildo horretatik, euskal film laburren hautaketa baten emanaldia ere egingo dute. Film luzeei dagokienez, goizean, haurrei zuzendutako lanak emango dituzte: «Cristobal Molon» eta «Betizu Xangaduko Misterioa», hain zuzen. Arratsaldean, 17.30etik aurrera, «Eutsi!», «La influencia», «Dos rivales casi iguales», La sombra de nadie» eta «Caotica Ana», Julio Medemen azken lanaren txanda helduko da. Bestalde, gauean ekitaldi berezia egingo dute antolatzaileek eta Amalur eta Ibaia sariak banatuko dituzte. Lehenengoa Alberto Iglesias musikari donostiarrarentzat izango da zinemaren munduan egindako ekarpen musikalen ibilbidea omentzeko. Besteren artean, «Vacas», «Lucia y el sexo», «Todo sobre mi madre», «Hable con ella» eta «La mala educacion» filmetako soinu bandetan parte hartu du.
Ibaia saria Txarli Llorente zuzendariaren eskuetara joango da, batez ere, «Querida Bamako» filmean egindako lana eskertzeko.
Bestetik, Zinema Plataforma pozik agertu da inbertsio eta emisioen inguruan telebisten betebeharrak arautzen dituen Lakuako gobernuko dekretuarekin. Ebazpen horrek Zinema Plataformak eta EITBk izandako gorabeherekin amaitzen du. Telebistek, beraz, ikus-entzunezko euskal egitasmoetan inbertitu beharko dute iragan martxoan Lakuak onartutako legez besteko proposamenarekin bat eginez.