GARA > Idatzia > Mendia

mendi maratoiak Denboraldiaren amaiera

Mendi lasterketen zirkuituak bizi-bizi

Euskal selekzioak emaitza oso onak erdietsi ditu Munduko Kopan; besteak beste, taldekako sailkapenean bigarren izan da. Euskal Herrikoa, berriz, gero eta sendoagoa azaltzen da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Joan den irailaren 23an Zegaman jokatutako maratoiak eman zien amaiera aurtengo Munduko zein Euskal Herriko Kopen ekitaldiei. Garaia dugu, beraz, bi zirkuitu horien azterketa egiteko eta, horretarako, lerro hauetara Rosa Lasagabaster, EMFren euskal hautatzailea gonbidatu dugu.

Lehenengo zirkuituari dagokionez, Munduko Kopa izenarekin aurkezten zaigu, baina, berez, izendapen hori ez da egokiena, ez baitu antolatzen UIAAk edo Nazioarteko Mendizale Federazioak. Ardura ez du hartzen federazio jakin batek, baizik eta enpresa batek, BUFF delakoak. Hein handi batean, enpresa horren interesak zirkuitu horretan txertatuta daude eta, esaten denez, italiar, frantziar eta katalan korrikalarientzat egokitzen dute. Eta, horrela bada, zirkuituaren gorabeherak oso agerikoak izaten dira. Zegamako maratoian, adibidez, jokoan ezer ez zutelako, nazioarteko makina bat korrikalarik ez zuten parte hartu. Hala ere, Lasagabasterren esanetan, hutsune horiek ez zioten lasterketari mailarik kendu: «Ez ziren munduko onenak izan, eta horrek probari zer edo zer kendu zion. Alabaina, korritu zutenek haien markak hobetu zituzten, eta ez ziren batere makalak izan; guztiz kontrakoak. Gainera, kontuan hartu behar da zirkuitua oso labainkor eta arriskutsu zegoela. Eta kondizio horietan denbora oso onak egitea ez da batere erraza».

Zegamako lasterketak Angela Mudge eta Kilian Jornet izendatu zituen zirkuituaren irabazle; eskoziarraren bigarrena zen eta 18 urteko gazte katalanaren lehenengoa. Euskal selekzionatzailearentzat ez dira ezustekoak izan: «Kilian oso gaztea da, baina orain dela bi urte ezagutu genuen eta oso maila ona ematen ari zen. Hain gaztea izanik, harrigarria da distantzia horietan jaun eta jabe izatea. Korritu dituen lau probak irabazi ditu. Mudgek iaz erakutsi zuen onena zela. Eroriko batengatik, Zegaman Corinne Favrek irabazi zion, baina oraindik eskoziarra goitik dago. Hori bai, biek ala biek oso denbora onak egin dituzte eta dagoeneko neska eta mutilen artean ez dago hain alde handirik. Zegaman 5 ordutik jaistea ikaragarria da».

Euskal selekzioko ordezkariak ere fin ibili dira, haien sailkapenak begiratu besterik ez dago. Fernando Etxegarai seigarren izan da, Ionut Zinka zortzigarren eta Joxe Felipe Larrazabal hamabigarren. Hori mutiletan. Nesketan, berriz, Alizia Olazabal seigarren eta Alizia Romero zortzigarren izan dira, Lasagabasterrek adierazi digunez, eta kexatzeko aitzakiarik ez dago: «Joxe Felipek oso progresio ona izan du, bere denborak asko hobetu baititu. Ionutek ere hobetu du eta, gainera, zentratuagoa ikusi dugu. Fernando beti bezala egon da. Romero min hartuta ibili da eta Olazabal ondo jardun da. Amaiera gisa, taldekako bigarren postua nabarmenduko nuke».

Euskal Kopa arrakastatsua

Munduko Koparen amaierarekin batera bukatu zen Euskal Herrikoa, bientzat baitzen baliagarri Zegamakoa. EMFk antolatutako zirkuituak sei proba izan ditu: Bera (Euskal Herriko Txapelketa ere izan zen), Orozko, Kosta Trail, Lakuntza, Ezpeleta eta Zegama. Lasterketa guztietako puntuak batu ondoren, nagusien mailan Jone Urkizu eta Jabi Olabarria izan dira onenak. Bigarren postuan Nekane Ituarte eta Iñaki Lopetegi sailkatu dira, eta hirugarrenean Marta Garcia eta Juan Manuel Martinez. Beteranoetan, berriz, Ana Carcamok eta Jesus Mari Perurenak irabazi dute Euskal Herriko Kopa. Helena Perez eta Eduardo Calleja izan dira bigarrenak podiumean, eta hirugarrenak Irene Sarrionaindia eta Rafael Fernandez.

Aurtengo ekitaldian ere lasterkari askok hartu du parte eta, podiumera igo direnek ez ezik, proba ezberdinetan izan direnek beren saria jaso dute. Lasagabasterren aburuz, hemengo zirkuitua gero eta gehiago sendotzen ari da: «Parte-hartzea garrantzitsua izaten ari da, baina, hori baino inportanteagoa, korrikalari asko ematen ari diren maila nabarmendu nahiko nuke. Denborak hobetzen ari dira, eta horrek lasterketei beste izaera bat ematen die. Egoera hori, batez ere, mutilen mailan ikusten ari gara. Nesketan, aldiz, askoz ere gutxiago dira eta, horrela bada, maila hobetzeko arazo gehiago dituzte. Bestalde, lasterkariak oso motibatuta ikusi ditugu; korrikalarien arteko lehia biziak bizi izan ditugu. Batzuek ohartarazi digute puntuazioa gaizki jarri dugula, beste batzuk den-dena ematen ikusi ditugu... Gizonezkoen irabazlea, Olabarria, adibidez, Zegamara topera iritsi zen; Kopa irabaztera joan zen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo