Magnaren proiektua abiarazteko akordiorik onartzea eragotzi diote Baztango Udalari
GARA |
Astelehenean Baztan Bailarako Batzordeko bileran Magna enpresak Erdiz parajean ireki nahi duen meatzearen gaiaz aritu ziren. Enpresa horrek bailarako Udalari lanak hasteko baimena eskatua ziola-eta, NaBai taldeak, Baztanen gehiengoa duenak, egitasmoaren gainean «Ingurumen-inpaktuaren deklarazioa» izeneko ikerketa egin, eta txostenaren araberako erabakia hartzea proposatu zuen bileran.
Virginia Aleman alkateak herrietan informazioa zabaldu eta kexak jasotzeko asmoa azaldu zuen; txostenarekin batera egitasmoa publiko egitean, herritarren ekarpenak bildu eta denak batera helegite bezala aurkeztea da bere proposamena.
Joan den astelehenean proposamen hori hain azkar bozkatzearen kontra agertu ziren Batzordeko hainbat alkate; haien esanetan, herritarrekin solastu gabe eta horiek informatu gabe ezin baita akordiorik onartu. Hala ere, Alemanek aurrera egin zuen, eta alkate horiek bileratik atera ziren. Erdiz Bizirik plataformak eta ezker abertzaleko hainbat ordezkari eta herritarrek protesta egin zuten, eta bilera bertan behera utzi zuten.
Plataformaren hitzetan, NaBaik ez zuen astelehena arte bere asmoa erakutsi, eta tarterik utzi gabe bozkatu nahi izan zuen. Erdiz Bizirik ez dago ados Baztanen inguruko erabakia Nafar Gobernuaren esku uztearekin, eta erreferenduma proposatzen du «argiena eta logikoena» delako. Baztandarrak ordezkatzen dituenez, Bailarako Batzordeari eskatu diote galdeketa hori deitzeko.