GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SEGA Desafioa

Ikuskizuna eta lehia segurtatuta daude Zizurkilgo saiorako

Lizaso eta Lapazaran Goikoetxearen eta Ormaetxearen aurka neurtuko dira larunbat arratsaldean, eta kirolariek ordubeteko lana egin beharko dute

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Datorren larunbatean Zizurkilen jokatuko duten desafioak ikusmin handia piztu du, eta seguruenik ere jende asko izango da norgehiagoka hori zuzenean ikusteko asmoarekin. Alde batetik, Lapazaran-Lizaso arituko dira, eta bestetik, berriz, Ormaetxea-Goikoetxea.

Bi bikoak prestatzen ari dira, eta gogoz ari direla onartu zuten: «Entrenamendu batzuk egin ditugu, eta ilusio handiarekin gaude. Uste dut saio ederra izango dela», esan zuen Jexuxmari Ormaetxeak. Orendaingoaren iritziarekin bat etorri zen Lapazaran, beraiek ere gogoz ari baitira entrenatzen, eta ilusio handia dutela baieztatu zuten.

Bi bikoek, ordea, ezin izan dituzte nahi bezainbeste entrenamendu egin, belarra gehiegi ez baitago, eta eguraldiak ere ez baitie gehiegi lagundu: «Proba nahiko berandu da eta nahi bezainbeste entrenamendu egiteko ez dago belar gehiegi. Gainera, euria ere asko egin du, eta horrek ere ez du lagundu», esan zuen Lapazaranek.

Saioa oso erakargarria da. Izan ere, biko batean egungo Euskal Herriko txapeldun Lapazaran izango baita; eta bestean, berriz, aurtengo bigarrena, Ormaetxea, eta iazko txapelduna, Goikoetxea.

Binaka izate horrek ere saioa piztu egiten duela esan zuen Ormaetxeak: «Gauza polita da, eta ikusgarria da. Uste dut jendeak ongi pasako duela. Ordubetean txanda libreko saiorik ez da izaten, eta ikuskizuna segurtatuta dago», adierazi zuen Orendaingoak.

Lapazaran ere bat etorri zen berarekin, eta segalarientzat ere erakargarriagoagoa dela aitortu zuen: «Askoz ere biziagoa da. dena aldatzen da, eta entrenamenduetan ere nabaritzen da. Bi lagunekin beti gauzak errazago egiten dira», esan zuen segalari bizkaitarrak

Hala ere, Ormaetxeak etorkizunari begira, zaila ikusten du txanda libreko lehiaketak egin ahal izatea: «Polita, polita da, baina bikoen artean alde dezenteak izango liratekeela uste dut, eta oso zaila izango da txapelketaren bat baldintza horietan egin ahal izatea», esan zuen.

Lizaso

Lanean arituko direnen artean, hiru segalari oso ezagunak dira, baina ez Lizaso, ez baita txapelketa ofizialetan aritu. Jende askorentzat ezezaguna izango da, baina maila oso oneko segalaria dela iragarri du Lapazaranek: «Elkarrekin entrenamenduetan aritu garenean oso ongi aritu gara. Berak ederki egiten du segan, eta ez da atzera geratuko. Gainera, sekulako ilusioarekin dago», esan zuen Euskal Herriko txapeldunak. «Neu ere nire bikoatekidearken oso gustura nago, ongi ari gara lanean», esan zuen Bizkaiko txapela ere jantzi duen segalariak.

Jon Lapazaran lehian ikusteko larunbatean izango da azkeneko aukera

Jon Lapazaranek iragarri zuen joan den abuztuan, Euskal Herriko txapela jantzi zuenean, segalaritza utzi egingo zuela aurtengo denboraldiaren amaieran, eta hori hala baldin bada, larunbatekoa izango da bera lehian ikusteko azkeneko aukera.

Atzo, berak horixe baieztatu egin zion GARAri: «Euskal Herrikoa amaitu zenean esan nuen, eta eutsi egiten diot. Aurtengoa izango da azkenekoa», esan zuen. Hala ere, aurtengo urtea oso ona izan dela onartu zuen: «Urtea oso ona izan da. Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelak irabazi ditut, eta ezin naiz kexatu. Aldi berean, ordea, oso gogorra ere izan da, eta nahikoa da», esan zuen bizkaitarrak.

J.L.

Txanda librean

Txanda libreko saioak ez dira ohizkoak izaten. Azkenekoa orain dela hilabete pasa izan zen Zizurkilen bertan, eta orduan Etxeberriak berak bakarrik biren aurka jokatu zuen, haiek txanda librean eginda

sarrerak

Larunbateko neurketa ikustera joan nahi duten guztiek sarrerak jadanik salgai dituzte Tolosaldeko tabernetan, 10 euroren truke. Saioa hasi aurretik, erosten dituenak bi euro gehiago ordaindu beharko ditu

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo