GARA > Idatzia > Kultura

Agertokietara itzulita, «luxuzko amaiera» izan nahi du Latzenek

«Bai publikoari baita taldeari berari ere zor zion zerbait bezalaxe» eman du Latzenek laster euskal agertokietara egingo duen itzuleraren berri. Oñatiko rock taldeak, alegia, «ikasgai pendiente» bat balitz moduan hartu du bere gain erronka hau. Zuzeneko CD-DVD baten grabazioa kaleratu nahi du, beren ibilbideari «ahal dugun heineko luxuzko amaiera emateko».

p057_f01_199x116.jpg

I. AULESTIARTE | DONOSTIA

Hainbat urtetan ideia buruan bueltaka izan ostean, iazko urtearen erdialdera erabaki zuten Latzeneko kideek orain aurkeztu berri duten proiektu honi ekitea. Izan ere, 1999. urteko abuztuan arrazoi pertsonalak zirela medio, 1993an sortutako taldea desegin behar izan zuten oñatiarrek; nolabait, baina, bi diskoz hornitutako arrakasta handiko ibilbide hari amaiera txukunagoa emateko gogoz geratu ei ziren, «ez baitzen bukatu merezi zuen bezala».

Horretara datoz bada, laster Euskal Herriko hainbat agertokitara, Txintxarri Management-eko lan taldearekin batera «euskal eszena musikaleko itzulerarik desiratuenean buru belarri» aritu ondoren, azaldu dutenez.

«Rock show on baten bila»

«Mimo eta maitasun handiz» aurkeztu duten egitasmoak bi ardatz nagusi izango ditu: alde batetik, urte honen amaieran, zein 2008ko hasieran egingo duten kontzertuen bira txiki bat -gaztetxeetan, aretoetan eta jaialdi edo espazio zabalagoetan-; eta ondorengo zuzeneko horiekin egindako CD-DVD baten grabazioa eta argitaratzea, bestetik. «Infernuko ateetan tour» izenaz jantzi dute eskuartean duten erronka.

Oraindik ere hainbat hitzordu itxi ez dituzten arren, atzo jakinarazi zuten geografikoki leku anitzetara eramango dutela euren musika: Riezu (urriak 12), Laudio, Ondarroa, Tolosa, Irurtzun, Usurbil, Bilbo, Gasteiz, Oñati edo Getxora, besteak beste.

Latzeni «luxuzko, guk ahal dugun heineko amaiera» eman nahirik, beraz, azkenaldian berriro bildu da taldea -gehienak ere, azken urteotan bestelako proiektuetan baitabiltza buru-belarri-. «Parentesi bat hartu dugu, eta gero bakoitza berera itzuliko gara. Lan handia egiten ari gara, berriz entseatzera bueltatu... baina oso rollo ona daukagu. Ondo bideratuta doala dirudi, eta lan polita irteteko itxura dauka», esan zuten atzo Donostiako agerraldian.

Hala, urte batzuren buruan iristen den agurra «rock show ona» izan dadila nahi dute, eta esker ona agertu dute taldekideek hau guztia prestatzeko jaso duten laguntzarengatik. Esaterako aipatu dituzte, proiektuaren diseinua, grabazioa, filmazioa eta argi joko bereziak ere. Horretaz gain, zuzeneko kontzertuak egunean bertan grabatu eta segituan salgai jarri nahiko lituzketela ere gaineratu zuten, «horrek behar duen lan eta azpiegitura guztiarekin. Ikusiko dugu».

«Argi utzi nahi dugu hau ez dela Latzen berriz bueltatu dela -berretsi zuten hedabideen aurrean-. Guk nahi duguna da taldeari amaiera polit bat egitea, eta DVDarena ere hortik doa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo