GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT Gelditu! Elkarlanak aramaioarrak zoriondu ditu

GARA |

Joan den asteburuan, aramaioarrak Abiadura Handiko Trena ezartzearen alde edo kontra zeuden jakiteko herri kontsultaren emaitzak kaleratu ostean, AHT Gelditu! Elkarlanak herritarrak «zoriondu» nahi izan ditu hartutako erabakiarengatik. Plataformaren aburuz, «azpiegituren inguruan iritzia eman duten aramaioarren %97,1 AHTren aurka dagoela adierazi izanak, agerian utzi du herritarrek hain gai garrantzitsuaren inguruan iritzia emateko aukera dutenean, Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa nabarmenki errefusatu egiten dutela».

Horrez gain, plataforma horrek gogorarazi nahi izan du azpiegitura hori ezartzearen inguruan iritzia emateko aukera eman zaien herri guztietan «ezezkoa» nagusi izan dela.

Aramaioko herria zoriontzeaz gain, AHT Gelditu! Elkarlanak Madrilgo Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmaren jarrera «setati» eta «lotsagarria» salatu du, eta jokabide horrekin gizarteak «hitza emateari dion ikara» agerian utzi duela. «Argi dugu ezerk ezingo duela eragotzi hurrengo hilabeteetan beste herri batzuetako bizilagunek kontsulta batean haien iritzia ematea», nabarmendu du plataformak.

AHTrentzako azpiegituraren aurka ageri den taldeak «eraikitze lanak geldiaraztea» eta «gizarte osoaren esku-hartzea ahalbidetuko duen prozesu zabala irekitzea» eskatu die Euskal Autonomia Erkidegokoko eta Estatu espainoleko agintariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo