GARA > Idatzia > Real Sociedad

Gora begira

Konfiantzaren urratsa egin ondoren, sailkapenarena dator

Txuri-urdinek azken partidetan denboraldiko hasiera kaxkarra sendotu eta lan egiten jarraitzeko lasaitasuna eskuratu dute

GARA | DONOSTIA

Bi garaipen eta berdinketa batek itxaropen bilakatu ditu kritikak. Badirudi Realak denboraldiko hasiera kaxkarra sendotu duela eta egin beharreko lehen urratsa gauzatu. Bigarrenaren txanda heldu da, beraz.

Lehen urrats hori konfiantzarena izan da. Urduritasunez, beldurrez, zalantzez beteta hasi zuen denboraldia Donostiako taldeak eta emaitzek -bi porrot etxean, Ipuruan emandako irudi pobrea, Kopan kanporatzea...- ez zuten panorama ezkor hori garbitzera lagundu.

Baina Las Palmasen nola edo hala irabazi ondoren, mailara egokitzapenaren distira itxaropentsuak eskaini zituen taldeak Elxen aurka, baita Xerezen ere. Eta bi partidetan emaitzek lan hori ordaindu dutenez, txuri-urdinek lehen jaurdunaldietan nolabait galdutako konfiantza berreskuratu dute. «Guztiz lasai zaudela ezin duzu inoiz esan -onartu zuen atzo Mikel Aranburuk- eta astero eguneroko lanean buru-belarri sartuta egon behar gara berdin-berdin, baina konfiantza hartzen ari gara».

Taldearen helburua, hala ere, ez da gustura egotea, horren bidez sailkapenaren goialdera igotzea baizik. Eta horixe da Realak eman beharko duen hurrengo pausoa.

Aranbururen ustez, «bakoitzaren helburuak zehazteko jaurdunaldi gehiago pasa behar dira». Are gehiago donostiarren kasuan, hurrengo asteotan egun sailkapenaren lehen postuetan dauden aurkarien aurka jokatu beharko baitu. Eta norgehiagoka horretan egindakoak denboraldiaren kolorea erabakiko du, onerako edo txarrerako.

Egutegiaren zati garrantzitsu hori Albaceteren bisitak zabalduko du eta partida hori irabaziz gero, «13 puntu izango genituzke, jokatu diren 21etatik», gogorarazi zuen atzo Ander Garitanok. Batez besteko galanta, «igotzeko zenbakiak ateratzen» baitira. «Baina kontuak aurreragorako dira, orain lehenengo sei edo zazpi taldeen artean kokatu behar gara», onartu zuen bizkaitarrak. Eta horretarako hurrengo partidak garrantzitsuak izango dira oso, «gure neurria eman dezakete».

Izan ere, Albacete Anoetara etorri ondoren, Bigarren Mailako taulan lehen bost postuetan agertzen diren taldeak aurrez aurre izango dituzte Donostiako taldeak. Datorren astean Numancia (3.a) bisitatuko dute; ondoren Sportingen (2.a) bisita izango dute; aste bat geroago Ferrolen (5.a) jokatuko dute; ondoren Celta (15.a) Anoetara etorriko da; egutegiaren zati gogor hori Nastic (8.a) eta Malagaren (liderra) aurkako partidekin amaitzeko.

Dudarik ez dago Realak bere denboraldia nolakoa izango den erabaki dezakeela datozen bi hilabete horietan.

Mindutek ez zuten taldekideekin batera lan egin

Bazirudien erizaindegia hutsik geratu zitekeela atzo, baina azkeneak Bergarak eta Stevanovicen ezin izan zuten taldekideekin batera lan egin. Gainerako jokalariek partidatxoa jokatu zuten bitartean -Steve Keanek zuzendutakoa, Chris Coleman Lon- dresen baitago gai pertsonalak konpontzen- mindutek lasterketa jarraian egin zuten. Gaur, hala ere, taldeak egingo duen lan saio bikoitzean parte hartu lukete.

«El Sur» Peñak Claudio Bravo saritu zuen

Claudio Bravo azken denboraldiko jokalari onena izan zen «El Sur» Peñako kideen ustez eta horren saria jaso zuen atezainak. Taldeak Xerezen jokatu zuela aprobetxatu eta txuri-urdinak konzentratuta zeuden hotelera joan ziren «El Sur»eko ordezkariak ekitaldi berezi hori egiteko. Bertan Juantxo Trecetek, Asier Laskibarek eta Luis Mendiolak ordezkatu zuten talde donostiarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo