GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mattin Elorza Segiko kidea

Nork dauka euskararen giltza?

Negozioa egiten jarraitu ahal izateko PNVk eta PSOEk ukatu duzuen marko demokratikorako proposamenaren printzipioak dira etorkizuna bermatu dezaketen bakarra

Nafarroa Oinezera joan gara beste behin milaka euskaltzale, mendeetan lapurtu digutenaren berreskurapenerako urrats bat gehiago ematera. Giltza daukagu, noski daukagula!

Baina giltza daukagula diogu, euskararen egoerak, hizkuntza politikek, ukazioak eta zapalkuntzak zalantzan jartzen digutelako giltza hori badugun ala ez dugun. Izan ere, gure hizkuntzaren giltza mendeetan lapurtzen aritu zaizkigu indarrez eta diruaren bidez; herri hau behin eta berriz konkistatzen aritu direnak, konkistarako herri honetako jauntxoak erosi dituztenak, diru truk herri hau saldu dutenak... horiek guztiak saiatu dira euskararen giltza, herriaren giltza-sorta Ebrotik behera eta Aturritik gora gordetzen.

Lapurreta eta zapalkuntza horien ondorio da euskararen egoera larria, hurrengo 50 urteetan, munduan diren hizkuntzen %90 galduko direla entzuten dugunean, euskara ere horien artean egon daitekeela pentsatzea. Gure hizkuntzaren giltza, espainiarren eta frantziarren esku utzi dutenen ekinbidearen ondorioz, euskaldunak orain 20 urte bezala biztanleriaren %25 izaten jarraitzen dugu, eskoletatik ateratzen diren ikasleen %66 euskaldundu gabe ateratzen dira, ikasketa guztiak ezin dira euskaraz egin; erabilerari dagokionez, ez aurrera ez atzera gaude; euskararen herrian sei egoera juridiko ezberdin ditu euskarak...

Nafarroako poltronen beroan zaudetenek, UPN eta CDN, euskararen aurkako politika daramazue, herri nortasunaren adierazle garbia delako; presioaren aurrean aurpegia garbitzeko, Instituto Navarro del Vascuence deitzen den itxurakeriazko proiektua abian jarri duzue, eta beste aldetik PSN boterean zenean ezarritako Ley del Vascuence delakoaren menpe, euskarazko errotulazioa jartzeagatik isunak ezartzen dituzue. Eta gainera Carlos Perez Nievas hezkuntza sailburuari hau entzun behar: «Gobernu honek ezarritako ereduan dagoenez, noski joango naizela [Nafarroa Oinezera]».

Eta zuek, «abertzaleak», «vasquistak»? Noiz ekingo diozue euskara salbatzeari, patrikari eta poltronen beroari erreparatu gabe? Azala duzue «elkarbizitzaren» eta elkar ulertzearen» aitzakian euskara itotzen duten politikak egiteko, elebitasuna aldarrikatuz eta aplikatuz, jakinik bi hizkuntzen arteko harremanean bata gailentzen zaiola beti besteari; Gasteiztik hizkuntza akordioak sinatzen dituzue Parisko edo Idahoko agintariekin, etxean «Osakidetxa» eta «Ertxantxa» dituzuenean... Eta zuen bideari heldu dion Nafarroa Baik ikasi du lezioa gobernura iristerako. Hauteskunde osteko negoziazioetan hau entzun genion Patxi Zabaletari: «Eskariaren araberako formula erabiliko dugu, eskari horren arabera ikusiko genuke legea aldatu beharrik baden ala ez». Baina zalantza izpiren bat duzu ala? PSNk UPNren babesarekin gure hizkuntza txokoan zapalduta mantentzeko diseinatutako lege batekin, gure hizkuntzaren bizi iraupenari helduko diogula sinesten duzue?

Orain 30 urte Espainiaren «trantsizioaren» jokoan sartu zirenek, alderdi izateari utzi zioten Estatuaren egituraren parte izateko. Handik aurrera, beren jarduera Estatuko boterea haserretuko ez duen bidetik joatea izan da; aurrez Parisera bezala, giltza Madrilera eraman baitzuten, erabakitzeko eskubidea eta herri honen etorkizuna Madrilgo burgesiari eman baitzioten.

Bada garaia itxurakeriari aurre egiteko. Gure herrian «denok gara euskaltzaleak»... hedabideen aurrean, baina urrats ausarten beharrean da euskara. Gutxien-gutxienekoa da euskararen ofizialtasuna bermatzea euskal lurralde osoan eta hizkuntza eskubide guztien bermea... gutxien-gutxienekoa! Sinestuta gaude euskara poliki baina aurrera doala, eta hori gezurra da! Bide honetan euskarak ez du dagokion estatusa lortuko, egungo hizkuntza politika zapaltzaile edo menpekoekin herria euskalduntzea ezinezkoa da!

Euskararen aldeko jai zoragarri hau itxurakeriarako erabiltzen duzuen gorbatadunoi, esan nahi dizuegu zuekin euskarak ez duela etorkizunik, zuekin euskaldunok ez dugula etorkizunik... zuen euskara politikek etorkizun beltza dakartela gure hizkuntzarentzat eta gure herriarentzat.

Diruaren altzoan bizi zarete, herritarron oinarrizko eskubideak ukatuz eta aldi berean aurpegi zintzoa jarriz; baina zintzotasuna ez da argazkietan neurtzen, ez eta Vianako txosna batean hartutako txikitoan; zuen zintzotasunaren epailea zuen politika da, estatuen menpeko politika; hizkuntzaren kasuan, erdaren menpeko hizkuntza askatu nahi duzuela diozue erdaren menpetik atera gabe.

Euskararentzat eta euskaldunontzat etorkizuna askatasunaren bidetik dator. Herri honek bere buruaren jabe izan behar du, izan behar duguna kanpotik diseinatu ez dezaten. Negozioa egiten jarraitu ahal izateko PNVk eta PSOEk ukatu duzuen marko demokratikorako proposamenaren printzipioak dira etorkizuna bermatu dezaketen bakarrak.

Guk argi dugu: independentzian eraikiko da Euskal Herri euskalduna; herri honek etorkizunik badu, independentziak emango dio. Beraz, gazteriak borroka egingo du dagozkion eskubideak ukatzen dituztenen aurka, baita itxurakerian zabiltzaten diruzale poltroneroen aurka ere. Gurea da giltza! Etorkizuna independentzia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo