GARA > Idatzia > Ekonomia

«Sindikatuen onarpen ofizialaren sistema ez da demokratikoa»

p027_f01_148x156.jpg

AMAIA FONTANG
LAB IPAR EUSKAL HERRIA. ARLO JURIDIKOAREN KIDEA

Estatu frantsesean sindikatuen jarduna arautzen duen aspaldiko legea dela medio, sindikatu askok bere ordezkagaitasuna ofizialki onartua izateko sekulako trabak dituzte. Lege horri helduta, Hendaiako Altis-Eroski enpresak auzitara eraman du Ipar Euskal Herriko LAB. Bihar aztertuko da gaia.

Arantxa MANTEROLA |

LAB 2000. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian, baina bere ordezkagaitasuna onartua izateko traba handiak ditu.

Bihar Baionako epaitegian izango zarete enpresa batek LABen ordezkagaitasunaren legezkotasuna auzitan jarri duelako. Zergatik dio ez duzuela ordezkariak izaterik?

Enpresa horrekin aspalditik ditugu gatazkak. Altis enpresak Hendaiako Champion salmenta gunea kudeatzen du eta badira lau urte ordezkaritza eta dozena bat afiliatu ditugula. Berrikitan sail sindikala sortu dugu. Baina oraingo gatazka ulertzea pixka bat konplexua da, legeak dioena ezagutu behar baita.

Zer dio, bada, lege horrek?

II. Gerra ostean finkatutako frantses legediak soilik bost konfederazio sindikalei (CGT, CFDT, CGC, FO eta CFTC) onartzen die berezko ordezkagaitasuna enpresa eta esparru guztietan. Afiliaturik edo sail sindikalarik ez badute ere, hauteskundeetan aurkeztu daitezke ordezkariak lortzeko. Beste sindikatu guztiek ez dute eskubide hori. Hauteskundeetako bigarren itzulian soilik aurkez daitezke. Hori da enpresetan sartzeko aspalditik dugun traba. Afiliatuak baldin baditugu ere, ezin dugu lehen itzulian aurkeztu. Soilik enpresan ekintza sindikala eramana izan bada daukagu aurkezteko aukera. Horretarako ordezkaritza behar da eta, hori lortzeko hauteskundetara aurkeztu behar duzu... Beraz, gurpil zoroa da.

Eta zer egin dezakezue?

Langileei azaltzen diegu hori horrela izatea ez dela demokratikoa, eta enpresa batzuetan onartzen dute -baita beste sindikatuetako ordezkariek ere- lehen itzulian ez aurkeztea edo behar den quoruma ez betetzea bigarren itzulian gu aurkeztu ahal izateko. Beste aukera da lehen itzuliaren ostean, sindikatuek ordezkaritza batzuk hutsik uztea guri lekua egiteko.

Sail sindikala sortzeko ere ordezkaritza izan behar duzu. 2001ean, adibidez, Baionako ADA enpresan ugazabek eta baita beste sindikatuek ere auzitara eraman gintuzten errepresentatiboak ez ginela argudiatuta eta irabazi egin zuten. Geroztik ikasi dugu eta traba horiek gainditzen saiatzen gara. Kontua da ekintza sindikala aurrera eramatea. Ugazabek ez badute berehala salaketa jartzen, gerora frogatu daiteke zure sindikatuak hainbat ekimen eta lan egin dituela enpresan, eta orduan ordezkagaitasun hori aintzat hartua da.

Bi gaiotan, hauteskundeetan eta sail sindikalaren sorreran, sortzen dira ordezkagaitasunari buruzko traba nagusienak.

Epaileen esku geratzen da erabakia beraz...

Bai. Horretarako sindikatuaren adina, zenbat afiliatu dituen enpresan, zenbaterainoko lana egin duen bertan, kotizazioen kopurua, sindikatuen finantziazioa eta abar hartzen dute kontuan eta, bereziki enpresan duen eragina. Beraz, guri dagokigu frogatzea zer lan egin dugun (informazio kanpainak, bilerak, deialdik...). Kontestu honetan kokatzen da Altisekin dugun auzia. Orain hilabete batzuk geuk jarri genuen enpresa bera auzitan lehen itzulian ez zigutelako aurkezten utzi nahi. Baina aldez aurretik epaitegian salaketa jarri ez zutenez, ez zuten eskubiderik gure ordezkagaitasunaz erabakitzeko. Hori epaileen kontua da. LABek irabazi zuen eta Biarritzeko Epaitegiak hauteskundeak anulatu ostean, berriro egin behar dira. Gainera, bai LABek bai Lan-Ikuskaritzak zigor-epaitegian ere salaketa jarri dute Altisen aurka oztopo egite delituarengatik.

Horrekin lotutako auzia da biharkoa?

Ez zuzenean. Horiek aurrekariak dira. Gaur egun Altis enpresak sail sindikala izateko LABen eskubidea jarri du zalantzan epaitegian. Hori da bihar aztertuko dena. Alde horretatik, halere, lasai gaude enpresa horretan aspalditik ekintza sindikala badugula erraz frogatuko baitugu.

Ez al zenuten jadanik Championeko langile baten kanporatzearekin irabazi?

Hala da. Conseil des Prud´hommes Lan-aferetako epaitegiak LABeko afiliatu baten kanporatzea neurriz kanpokoa izan zela ebatzi zuen. Enpresak helegitea jarri du baina, argi da ez duela irentsi epaileek guri arrazoia eman izana.

Altis Eroskirekin lotua da, ezta? Ez al da bitxia euskal enpresa batek euskal sindikatu ezagun bat ez onartzea?

Enpresa Altis-Eroski da. Eroskik badaki zer gertatzen ari den eta ez ikusiarena egiten du. Epaitegiak erabakitzen duena gorabehera, hots LABen sail sindikala onartzea edo ez, guk bitartekoak jarriko ditugu Eroskiko enpresetako langileek zer gertatzen ari den jakin dezaten.

Epaitegiak LABen ordezkaritasuna onartuko balu, soilik enpresa horri dagokiona onartuko al luke?

Bai, baina zalantzarik gabe orain ordezkagaitasuna onartzen bazaigu, erabakiak gerora sor daitezkeen beste auzietarako eragina izango du, eta baita ere, pixkanaka, gure legitimotasuna orokorki onartzen joateko.

Bost konfederazioetatik aparteko gainerako sindikatuek arazo berberak izan ditzakete. Ezin al da elkarturik legea aldarazi ?

Batzuek (UNSA, FSU) praktikan halako ofizialtasuna erdietsi dute baina, legez, bost handiek soilik jarraitzen dute ofizialak izaten. Orain artean sindikatu bakoitza bere aldetik aritu da. Denek erraten dute lege hori aldatu behar dela; presidentziarako azken hauteskundeetan ere piztu zen eztabaida. Sindikatu handiek aitortzen dute aldatu behar dela baina hori nola egin zehazterakoan arazoak sortzen dira. Batzuek diote ordezkotasuna Prud´Hommesetan lortutako emaitzetan oinarritu behar dela; besteek, berriz, edozein sindikatuk hauteskundetara aurkezteko aukera izatea eta han lortutako emaitzen arabera onartu beharko litzatekeela... Moduak ezberdinak izan daitezke, baina argi dagoena da horrela ezin dela segitu, sistema hau ez baita batere demokratikoa.

 

GURPIL ZOROA

«Enpresan ekintza sindikala eramateko ordezkaritza behar da, eta hori lortzeko, hauteskundetara aurkeztu behar da. Sindikatu txikiak ezin dira aurkeztu lehen itzulian. Gurpil zoroa da.»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo