Legea lehenetsita demokraziaren lepotik
Odarroako Udaleko kudeaketa batzordeak atzo Markinan egin zuen osoko bilkura, beren esanetan «istiluak saihesteko»; izan ere, EAE-ANVk deituta herritar ugari baitzegoen udaletxe atarian, herriko egoera ezohikoa salatzeko. Ertzaintzak EAE-ANVren jarraitzaileak egotzi zituen bertatik, eta ondoren inguruko pilotalekura bildu zirenak urrunduta, oldartu egin zitzaien borrak eskuan. Beraz, ezohiko egoera batean osatutako udal batzorde hori biltzen saiatzen den aldiro, istiluak izaten dira.
Ondarroakoa ez da bizikidetza eta normaltasun egoera, eta atzokoa eta beste gertakari asko ere, egoera horren adibide gordinak dira, esaterako, batzordearen presidentearen autoa erre izana, batzordeak atzo gaitzetsi zuena. Komeni da, ordea, egoera hori bere testuinguru errealean kokatzea. Kudeaketa batzordea legala da, jakina, baina ondarroarren erabaki demokratikoaren kontrakoa, haiei inposatutakoa horrenbestez. Horixe da herri horretako egoera «anormalaren» jatorria. Eta bitxia gertatzen da zilegitasun falta hori Lizartzan hain argi ikusten duten berberek Ondarroan ikusi ez eta, gainera, jokabide bera izatea. Egia da Ondarroan ez dutela bandera espainiarra ezarri, egia herritarren sentsibilitatetik hurbilago jokatzen saiatuko direla, baina injustizia mota berbera da, injustizia ez baitu sentsibilitate mailak neurtzen. Funtsean, Lizartzako herritarrei bezala, Ondarroakoei ere beren ordezkariak hautatzeko eskubidea ostu diete. Lege batek ostu die, baina kudeaketa batzordea osatzen duten alderdiek lege ez-demokratiko hori betetzea lehenetsi eta ondarrutarrek argi eta garbi erakutsitako borondatea baztertu dute, inposizioa onartu eta hura saihesteko mekanismoak erabiltzeari uko eginda, injustiziari bide emanda.
Batzordeak, Ondarroako bizilagunen zerbitzura lanean segituko duela esan zuen. Izan ere, horixe da herritarren ordezkariei exijitu behar zaien eginkizuna. Kontuak kontu, batzorde horrek pentsatu beharko luke Ondarroako herritarrei eskain liezaiekeen zerbitzurik onena ez ote den beren borondatea errespetatzea.