Erentzun ikastolak 2.000 lagunek Vianan eginiko lana eskertu du
GARA |
Atzoko eguna prestatzen urte bete baino gehiago eman ondotik, egundokoa izan behar du dena ongi atera dela ikusteak. Vianako Nafarroa Oinez-ek markak hautsi zituela adierazi zuen komunikabideren batek; oraindik kopuruei dagokienez baloraziorik egin ezin den arren, espero baino parte-hartze handiagoa izan zela adierazi zuen Aritz Lizarragak, Erentzun Ikastolako zuzendariak.
Arazo aipagarririk gabe eta normaltasun osoz joan zen eguna, eta eguraldia ere «ederra» izan zela nabarmendu zuen zuzendari gazteak. Besta hori antolatzeko egindako lanari hain erantzun ona emaeagatik bertaratutakoei eskerrak eman zizkien, baina aipamen berezia merezi izan zuten igandean lanean aritu ziren 2.000tik gora boluntarioek.
Erabat kontent agertu zen zuzendaria lanean ibili zen jendearekin. Errioxako mugan dagoen herri horretan Nafarroa Oinez-en tamainako besta antolatzeko lanetan borondatez arituko diren hainbertze lagun lortzea benetan zaila baita. Erentzun ikastola aitzinera ateratzea ere zaila dela gogorarazi, eta Nafarroa Oinez-ek duen garrantzia goraipatu zuen; 1992an ikastolaren egoitza eraikitzea posible egin zuen orduan, eta oraingoan ere, leku gehiago behar izanik, ikastolaren handitzea eta moldatzea ekarriko ditu. Horregatik, hau guztia posible egin duten boluntarioak, guztira 2.000 baino gehiago, bereziki eskertu zituen. Joan den astean Nafarroa Oinez-en aurtengo edizioa aurkeztu zutenean zailtasunak aipatu, eta artean hutsune batzuk bete gabe zituztela kontatu zuen Lizarragak. Orduan egindako deialdiari indartsu erantzun zion jendeak; aste bete eskas falta zenean, borondatezko laguntza eskaintzeko dei andana jaso zuten Erentzun ikastolan.
Markak hautsiz
Biharamunean datu zehatzak ematea ezinezkoa izanik, irabazitako diru kopurua edo Vianara bertaratutako jendetzaren zenbatekoa datozen egunotan zehaztuko dira. Lehen balorazioan «helburuak bete» direla aurreratu zuen zuzendariak. Besta honetarako espero zitekeen kopurua gainditutzat eman da (100.000 lagun). 2003an Lodosa eta Sartaguda herrietako Nafarroa Oinez-ek hautsi omen zituen ordu arteko marka guztiak (120.000 lagun). Viana ere hurbil ibiliko da.