GARA > Idatzia > Kultura

Asia eta Afrikako begiradak islatu ditu Eli Azurmendik Okendon ikusgai dagoen erakusketan

Guztira 27 margo bildu ditu artista donostiarrak «Sua» izeneko azken erakusketan. Asia eta Afrikako begiradez osatu lana azaroaren 15a arte ikus daiteke Donostiako Okendo kultur etxeko areto zaharrean.

p047_f01_096x100.jpg

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | DONOSTIA

Bidaietan aurkituriko jendearen begiradak eta koloreak dira Elixabete Azurmendi bereziki erakarri dutena. Horrexegatik hain zuzen ere, «suaren koloreko» lanak margotzea erabaki du bere azken erakusketa honetan.

«Eginiko azken bidaian, eta dokumental baterako bildutako argazkietan ere oinarritu naiz margo hauek egiterako orduan», azaldu du Elixabete Azurmendik. Oraingo honetan Asia eta Afrikako kolore biziak nahastu ditu. «Erakartzen nauena margotzen dut; agian, esan daiteke nire artea figuratiboa dela.

Estiloari dagokionez, koloreduna eta alaia, esango nuke; izan ere, margotzen ditudanak bizitza zaila den tokietako pertsonak dira, eta halere, irribarrez ukituak dira», dio artistak.

Berak onartu duenez, «ez naiz sekula Afrikan egon, baina egona nintzen Jose Mari Elosegirekin `La ruta de los exploradores' dokumentalean, eta bertatik jaso nituen zenbait irudi baliagarri izan zitzaizkidanak Afrikako begiradak islatzeko».

Begiradak abiapuntu

Elixabete mendiko paisaiak margotzeagatik da ezaguna; baina erakusketa honetan begiradak hartu ditu abiapuntu. «Himalaren begiradak» izan zuen izenburu Azurmendiren aurreko bildumak. «Nolabait, mendiaz gain, bertan, inguruetan, existitzen diren gizakiak ere agertu nahi izan nituen», deskribatu du Azurmendik.

Goizegi du oraindik Elixabete Azurmendik bere hurrengo proiektuaz hitz egiteko. «Bi ume ditut, eta, beraz, denbora gutxi izaten dut margotzeko», aitortu du donostiarrak. Hala ere, baditu hurrengo lanetako zenbait ideia buruan. «Etorkizuneko margoetan negua plasmatzea gustatuko litzaidake», aurreratu zuen. Honek, orain arte jarraituriko joerekiko nolabaiteko aldaketa ekarriko luke. Izan ere, zuri-beltzean egitea nahiago izango bailuke margolariak.

Erakusketa azaroaren 15era arte izango da ikusgai, goiz eta arratsaldez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo