36ko gerran fusilatutako apaizak
Irabazleak aldarean eta galtzaileak itzaletik argitara ateratzen
Beatifikazioa eginen dute gaur Erroman eta aldarera goitituko dira errepublikarrek hil zituzten pertsona erlijiosoak. Frankistek fusilatutako hamasei euskal apaizak, ordea, ez dituzte aipatuko. Estalitako errealitatearen parte dira.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Espainiako Gotzainen Batzarrak XX. mendeko 11 santu eta 468 beato edo beata izendatu ditu orain arte hainbat ospakizunetan. Gaur, berriz, 498 pertsona eginen ditu dohatsu kolpetik, «1930eko hamarkadako jazarpen erlijiosoan bizia eman zuten milaka eta milaka lagunetatik batzuk»: hainbat Bizitza Kontsagratuko Institututako 462 kide, 24 apaiz, bi apezpiku, zazpi laiko, diakono bat, subdiakono bat eta abadegai bat. Nafar anitz joatekoa da Erromara; adibidez, UPN-PPko diputatu Jaime Ignacio del Burgo han izanen dela jakinarazi dute.
«Gerrek alde batean eta bes- tean dituzte eroritakoak. Errepresio politikoek biktimak dituzte, ikur bat edo bestea izan. Jazarpen erlijiosoek soilik dituzte martiriak, ideologia batekoak zein bestekoak, talde politiko bateko kideak edo bestekoak, baita erlijio desberdinetakoak ere», argitu dute batzarreko ordezkariek. Vaticanoko San Pedro Plazako «santutasunaren eta fedearen besta handian» dohatsu izendatuko dituzten guztiak errepublikarrek hildakoak dira, ordea.
Kanonizazioaren berriak isla izan du egunotan komunikabideetan; hainbat iritzi plazaratu dute telebista, egunkari eta irratiek, eta Interneten bilatuz gero, orri pila bat aurkitu daitezke mintzagai bera dutenak. Izaronews.com webgunean, adibidez, Xabier Arzalluz EBBko presidente izandakoak «Damnatio Memoriae» izenburuko artikulu bat idatzi du Espainiako Gotzainen Batzarrari eskaera egiteko: «Espainiako apezpiku taldeak erregimen legitimo baten aurka egindako gerra deklarazioa dela-eta, Hierarkia espainiarrak, legalki eratutako Estatuaren aurka Francok egin zuen altxamendu militarrari gurutzada izena eman zionaren oinordeko bezala, kondena edo deitore hitzen bat noiz esango duen zain gaude asko. Jende errepublikarrak txikitutako pertsonetatik zenbat ez ote ziren deklarazio horregatik izan!».
Horiek heroi izendatu dituzte behintzat, gaineratu du politikari azkoitiarrak. «Baina, badira beste batzuk Erroman aipatuko, eta are gutxiago aldarera igoko ez dituztenak. Beren elizbarrutietan ere ez dituzte aipatuko, eta ez dute hilobirik edo hilarri xumerik ere izango zerbitzu erlijiosoak eman zituzten eliza edo parrokietan. Hamasei izan ziren. Francoren jendeak erailak Euskadira sartzean». Bukatzeko, Arzalluzek esker ona adierazi die Euskal Herriko, Alikanteko, Madrilgo, Palentziako, Sevillako eta bertze toki batzuetako kartzelatan preso izan zituzten 224 apaiz eta erlijiosoei; urte luzeetan erbesteratuta bizi behar izan zutenei; jazarpena jasan zuten euskal kleroko 800 kideei; 114 gudari kaperauei...
EB-Berdeak taldeko zinegotzi eta Nicolas Guerendiain Elkarte Errepublikarreko kide Manuel Millanek ere Espainiako Gotzainen Batzarrak dohatsuen zerrendan sartu ez dituenak ekarri ditu gogora «Una beatificación injusta e inmoral» izeneko gutunean. Bidegabea, «alde batean erori zirenekin soilik eginen delako»; ezmorala, «iraganaren ezagutzan nahasmena sortu nahi delako, egiazko helburua etorkizunerako kontzientziak hobeki menderatzea delako». «Ez dute jakiterik nahi Europan faxismoa galtzaile izan zen bitartean, Espainian garaipena lortu zuela», azaldu du Millanek, eta hori, bertze faktore batzuen artean, Hitlerri, Mussoliniri eta bereziki elizaren onespenari esker gertatu zela. «Genozidioa justifikatu nahi dute, mendeetan kontrol politikoa izateko. Historialarien kalkuluen arabera, kanposantu eta kale kantoietako hormetan 72.000 pertsona baino gehiago desagerrarazi zituzten, borrokarik egon gabe, epaiketarik gabe. Horiei 1939 eta 1945 artean exekutatutako lagunak gehitu behar zaizkie, 200.000 baino gehiago, Legelarien Nazioarteko Batzordeak NBEri helarazitako txostenean jasotzen denez».
Iragana ezagutzeko lanean
Iñaki Egaña astebururo joaten da Ezkabara Aranzadi Zientzia Elkartekoekin indusketak egitera. Presondegi handi bat zegoen frankismo garaian Iruñean, eta jende anitz hiltzen zen bertan tuberkulosiak jota; inguruko herrietako kanposantuetan lurperatu zituzten 1942 eta 1945 artean. Heldu diren asteetan, berriz, Asturias aldera bidaiatzeko asmoa dutela erran digu, 37ko otsailean euskaldun ugari hil zutelako han, horien artean Jose Mari Korta apaiza. «Segur aski gorpu batzuk ekarriko ditugu», adierazi du. 500 bat pertsonaren bila ibili dira Aranzadikoak azken urteotan, eta 50 hobi aurkitu dituzte; horietako gehienetatik ez dute gorpurik altxatu.
Aurrera jarraitzeko iragana ezagutu behar dela baieztatu du Egañak. «Atzean biktimak daude, eta senideek egia jakin behar dute, garaileek ezkutatu duten errealitatea. Gerrarekin batera beste hitz bat aipatu behar da: justizia. Hori lortzeko legeak daude, baina ahulak dira. Adibidez, Memoria Historikoaren Legea askoz ere ausartagoa izan beharko litzateke, egia azaleratzearekin batera justizia egiteko. Legeak ukatu eta debekatu egin beharko lituzke faxismoa, faxismoaren apologia eta ondorioak. Orain dela egun batzuk, ordea, Jaime Mayor Orejak frankismoaren apologia egin zuen eta ez da ezer gertatu. Biktimentzat mingarria da hori».
Beti boterearen alde
Beatifikazioari buruz ere mintzatu da historialari donostiarra: «Eliza orain arte ez da horrelakorik egiten ausartu, baina boterearen alde egin du beti. Hain zuzen ere, bere papera da frankismoa nazismotik eta faxismotik bereizten duen ezaugarri bat, nahiz eta hiru agintariak, Franco, Hitler eta Mussolini, katolikoak ziren. Elizaren zati nagusiak izugarri egin zuen Francoren alde, salbuespenak izan baziren ere. Altxatuek fusilatu zituzten euskal apaizak dira salbuespen horren erakusgarri. Euskal Herrian, elizaren zati handi batek herriaren aldeko konpromisoa izan du». Espainiako Gotzainen Batzarreko idazkari nagusiari frankistek hildako euskal apaizekin zer gertatu zen galdetu ziotenean, zera erantzun zuen: «Ez nago ziur apaiz euskaldunik hil zuten». Estatu espainiarrean, eliza eskuindarren eta Estatuaren zutabe handi bat dela uste du Egañak.
Idazle oparoak kontatu digunez, EAJko batailoi bakoitzak apaiz bat zuen. Euskal Herrian ekainaren bukaeran amaitu zen gerra, eta garai horretan euskal armadak 114 apaiz zituen. Horietako batzuk frontean hil zituzten. Jose Mari Korta da ezagunena; 37ko otsailean hil zen Asturiasen, Kandido Saseta Eusko Gudarostearen komandantearekin batera. Bertze batzuk preso eraman zituzten; Sevillan, Carmonan, espetxe bat ireki zuten euskal apaizentzat bereziki.
Kartzelan egon zen abadeetako bat Iñaki Azpiazu azpeitiarra izan zen, 1910 eta 1988 artean bizitu zena. «7 meses y 7 días en la España de Franco: el caso de los católicos vascos» liburuan daude bilduta bere bizipenak; bertan, faxistek euskal kleroa nola jazarri zuten kontatzen du, baita zergatik egin zuten ere.
«Espetxetik atera eta gutxira, plazako komandante militarraren aginduz etxean atxilotuta nengoela, urrian, harritu eta atsekabetu ninduen berri bat jaso nuen: 'Apaizak hiltzen hasi dira' (...) Nola pentsatu horrelako krimenik egin zezaketenik egunero azaltzen baziren elizaren dokumentuak 'Mugimendu Nazionalaren' izaera erlijiosoa aldarrikatuz?», dio Azpiazuk. «Don Martin Lekuona, nire lagun minetako bat, eta Don Gervasio Albisu, Errenteriako parrokiako lagunkideak biak, irailaren 24an hartu zituzten gatibu. Sotana janztera behartu eta batzokira eraman zituzten, eta handik Donostiako Ondarretako espetxera, urriaren 4an. Lau egun geroago, gauerdian, fusilatu egin zituzten Hernani inguruan».
Abadeak honela jarraitu du bere kontakizuna: «Urriaren erdialdean Don Jose de Ariztimuño apaiza eta idazle ospetsua atxilotu zutela zabaldu zen. Gipuzkoako eskuindarrek inoiz baino ozenago azaldu zuten poza prentsan eta irratian. Bortizki jo ondotik, hezurrak dislokatu arte, beste kondenatu batzuekin lotuta eraman zuten tortura lekura... eta fusilatu egin zuten. Urriaren 23an modu berean erail zuten Don Alejandro Mendikute Hernanin. Gipuzkoako iritzi publikoa gehien hunkitu zuena Don Jose Joaquin Arin Arrasateko artzapezaren exekuzioa izan zen, eta bere bi lagunkideena ere bai, Don Jose Markiegirena eta Don Leonardo Guridirena. Ondarretara eraman zituzten, urriaren 24an, eta askatasun agindua sinatzera behartu eta dirua kendu ondotik, Oiartzunera eraman zituzten kamioiez. Oinez igo ziren kanposantura, Te Deum kantari, eta fusilatu egin zituzten».
Jose Iturricastillo, Jose Peñagarikano, Celestino Onaindia, Jose Adarraga, Jose Otaño... Abade horien guztien exekuzioak Gipuzkoako iritzi publikoa haserretu zuela azaldu du Azpiazuk, baina euskal kleroaren kontrako jazarpena ez zela probintzia horretan hasi argitu ere, Araban baizik, altxamendu militarraren egun berean. Euskal Elizbarrutiko apezpikua izan zen lehen biktima: umiliatu egin zuten, zaintza berezia jasan zuen, hamaika irain... Atzerrira bidali zuten azkenean. Jaime Berastegi ere erbesteratu egin zuten, Berrueta eta Claudio Heredia beren goi karguetatik kendu zituzten, eta Tomas Atauri eta Araiako abade Ruy Lope, berriz, atxilotu egin zituzten.
«Ezin izango nuke jazarpen honek guregan sortu zuen estuasun guztia deskribatu; jazarpen politikoa, frankistek iraultzaren aurretik prestatutako jazarpena. Eliza espainoleko Hierarkiak ez zuen inongo protesta publikorik egin eta, batzuetan, biktimak iraindu zituen. Burgosko artzapezpikuak, esate baterako. Jazarpena jasan duten abade guztiek odisea mingarri bat dute kontatzeko», adierazi du militarrak Azpeitian sartu zirenean gatibu hartu zuten abadeak. Azpiazuk ziurtatu duenez, apaiz euskaldunek, herria maitatzeaz gain, gizartearekiko ardura ere bazuten; erlijioa eta politika ez nahasten ahalegintzen ziren; indarkeriaren etsaiak ziren. Arrazoi horiengatik guztiengatik, eskuindarren zerrenda beltzetan zeuden. «Ez dut abaderik ezagutzen armekin aurkitu dutelako atxilotu edo zigortu dutenik, ezta espioitzan antzeman dutelako eraman dutenik ere».
Egia lurpetik azaleratzen
1960an Jorge Iturricastillo elgetarraren gorpua atera zuten Oiartzungo Iragorri kanposantutik. Euzko Deyan jasotzen denez, falangistek lurperatutako zortzi pertsonaren hezurrak aurkitu zituzten herritik hiru kilometrora, Artikutzako bidean. Sotana puskak, betaurrekoak, ordezko hortz-haginak eta emakume gazte baten arroparen arrastoak ere topatu zituzten. Norbaitek gurutze bat paratu zuen ondoan eta Santu Guztien Egunean zenbait koroa agertu zen. «Hobi horretan frankistek fusilatutako askoz lagun gehiagoren gorpuak daudela pentsatzen da», azaldu zuen Jaurlaritzak Parisen argitaratzen zuen informazio buletinak.
Susmo horiek baieztatu egin dira, joan den abuztuan gutxienez bertze lau lagunen hezurkinak aurkitu zituztelako Aranzadi eta Katin Ttiki elkarteek, zapatekin, txanponekin, dominekin, eskumuturrekoekin eta hildakoen bertze hainbat objekturekin batera. Kartutxoak eta jaurtigaiak ere baziren.
Bost apaiz fusilatu zituzten Oiartzunen; Hernanin, zazpi. Azken honetan, omenaldia egin dute aurten, 36ko urrian eta azaroan fusilatu zituzten berrehun pertsonak gogora ekartzeko. Iñaki Egañak argitu digunez, horietako gehienak hobi batean lurperatu zituzten eta zazpi apaizak bertze batean sartu zituzten. Orain dela lau urte indusketak egin zituen Aranzadik eta azpian ezer ez zegoela ikusi zuen. «'Valle de los Caidos'era eramaten zituzten kutxa horietako bat aurkitu genuen eta susmoa dugu gorpuak gune horretan lurperatu zituztela. Bertan 50.000 gorpu daudela esaten dute, erdiak identifikatu gabe; tartean errepublikarrak, senideek jakin gabe».
IRITZIAK
Gaur eguerdiko 12.00etan ekitaldi isila izanen da Nafarroako hiriburuan, Artzapezpikuaren Jauregiaren aurrealdean. Bertan, 1936 eta 1939 artean eraildako pertsona guztiak eta beren familiak omenduko dituzte, Erroman dohatsutzat hartuko ez dituztenen artean ere «elizako kide onak» badirela ohartaraztearekin batera.