«Bihotz zabaltasuna eta justizia desberdinak dira. Justiziarik ez da egin»
Letraz eta irudiz jantzitako bulego batean hartu gaitu oiartzuarrak, Hendaiako bere etxean. Fusilatutako osaba ezagutu ez bazuen ere, haren galera sufritu du familiarekin batera, eta sentitzen dutenaren eta eskatzen dutenaren berri eman dio GARAri. «Ez goaz kalte-ordain bila, egiaren bila baizik. Egia azal dadin nahi dugu».
1932an jaio nintzen, osaba Martinek lehenbiziko meza eman zuen urte berean. Lau urte nituen fusilatu zutenean eta ez dut osaba gogoratzen, ez dakit inoiz ikusi nuen ere; gero entzun eta irakurri dudanagatik ezagutzen dut. Aitaren bi anaia apaizak ziren. Gasteiz inguruan ibili zen Martin, herri txikietan ikasten, baina Agrupacion Vasca de Accion Social Cristiana (AVASC) taldeko idazkari egin zuten eta Donostiara joan zen bultzatzeko eta martxan jartzeko; gizarte gaiei buruzko hitzaldiak ematen zituzten. Errenterian bizi izan zen, parrokiako lana egiten zuelako bertan; gazteekin ibiltzen zen, Koldo Mitxelenarekin, Andoni Kortarekin, Andoni Idiazabalekin... Gaztea zen bera ere, 28 urterekin hil zuten.
Fusilatu zutenean Kortak gutun bat idatzi zuen Bermeotik. Seguru asko euskal frontea han egongo zen orduan. «Gure euzko-apaiz jator askoren artean gorengoetako bat gendun. Lekuona'tar Martin (G.B.) jaunaren erailketa-izparra ziñestu eziñik egon nintzan. Mundu guztiari on besterik egin ez dion gizonik erail ote leike ba? Mundu guztiari on, diot, zer besterik egin zuan bada gure On Martin'ek Errenderi'n?», hasten da. «Gure Errenderi maitera eldu berria zan. Ala ta guztiz ere lanari gogotsu ekiña zan. J.O.C, VA. (Jeuneusse Ouvrière Crétienne, Vasca) elkartea Beljikako J.O.C'en antzera (l'abbé Cardijn-ek, 1925an sortua, Ekintza Katolikoaren mugimendu bereizia) eratua zeukan».
Gervasio Albisu eta osaba Ondarretako kartzelara eraman zituzten. Gure ama eta izeba Pilar bisitan joan zirenean, bertan ez zegoela, libre atera zela jakinarazi zieten. -Non dago? -Etxean egongo da. -Hortik gatoz eta? -Frontean. -Nola frontean? -Ez dakit, ezin dizuet gehiago esan. Hor bukatu zen elkarrizketa.
Gertatutakoa atsekabe handi bat izan da gure familiarentzat, pena bat. Ez da zarata handiko erreakzioa. Ezin ezer egin, galduak bezala sentitu gara. Etxean ezin zen osabaz hitz egin. Txarrena aita zen, gainera. Zerbait entzun orduko malkoekin hasten zen. Beste anaia bat ere badu gerran hila, desagertua, Julian. Ilunabar batean guardia zibilak etorri zitzaizkion bila Oiartzungo beste bi gizonekin batera udaletxera eramateko. Erdi gaixorik zebilen, tuberkulosia pasatu zuen, Afrikan ibili zen soldadu eta eraman zutenean baserrian aritzen zen lanean. Arropak-eta, prest ez zituenez, hurrengo egunean joan zen udaletxera, ardi zahar bat bezala, mantso-mantso. Auto batean atera zuten herritik eta handik aurrera ez dakigu ezer.
«Zure bila etorriko dira, arriskuan zaude», ohartarazi zioten osaba Martini. «Baina, nik ez diot inori kalterik egin!». Geroztik 70 urte pasatu dira, eta zer egin du elizak horretaz ez hitz egiteko? Non gabiltza? Zer kristautasun klase du jende horrek? Poz txiki bat daukat hala ere, Mateo Mujika apezpikuak Euskal Herriko abadeen defentsa egin zuelako gutun batean. Bihotz zabaltasuna gauza bat da eta justizia beste bat. Justiziarik ez da egin. Zer egingo Espainiako elizak eta ia bostehun beato izendatu! Non eta Erroman, eta Aita Santuak... Hau zer da? Juizio oso zorrotza da nirea. Zer galdurik ez daukagu, egia jakiteko eta zabaltzeko gogoa bai, eta gure lanarekin jarraituko dugu, familiok gure historia egingo dugu Euskal Herrian.