erabili.com Gontzal Fontaneda 2007/10/24
Agur Jaunak... eta Andreak?
Zatozte nirekin gure unibertsitate bateko paraninfora, inbestidura-ekitaldi bat ospatzen da eta. Inbestitzeko lizentziadun gehienak neskak dira, mutilak urri. Ekitaldian bildutako gurasoak erdiz erdi gizon eta emakumeak; klaustroan ere gizon eta emakumeak erdi bana; eta gainera mahaipurua emakumea da, fakultateko dekano andrea. Ekitaldiari hasiera emateko, ohi denez, Agur Jaunak kantatu da. Nik lotsa sentitu dut eta tutik kantatu gabe geratu naiz. (...)
Agur Jaunak sortu zenean gure Herria ezberdina zen. Orduan unibertsitario guztiak gizonezkoak, eta denak fededunak omen ziren («euskaldun fededun»). Orduan Jaurlaritzaren sailbururik ez zen, baina ministro eta agintari guztiak gizonak ziren.
Agur Jaunak, jaunak agur,
denak Jainkoak einak gire.
Gaur egun Euskal Herria, inguruko beste gizarteak bezala, aldatu egin da, aurreratu. Gizonak ez ezik, emakumeak ere badira edozein mailatan; fededunez bestalde sinesten ez dutenak ere badira zeinahi arlotan. Eta guztiei, gizon eta emakumeei, fededun eta ezfededunei zor diegu errespetua. (...)
Agur Jaunak abestia ez da kontu bakarra. XX. mendean EAJren Eusko Abendaren Ereserkiari, Euskadiko Ereserkia bilakatzeko, Legebiltzarrak hitzak kendu zizkion. (...)
Ehun urte lehenago, XIX. mendean Jose Maria Iparragirrek Hara nun diran kantatu zuen.
hara Espainia, lur hoberikan ez du Europa guziak.
Baina, denborak joan eta denborak etorri, orain Espainia hitza ordeztu egin da.
Dakusagunez, aspaldiko egoera batetik datozkigun gauza desegokiak aldatu, eguneratu behar ditugu. Hau dela eta, XXI. mende honetan (zenbait kultur agintarik edo abesbatzen batek) esku duenak eta gai denak Agur jaunak abestiaren hitzak zuzendu, gaurkotu beharko lituzke, emakumeak eta ezfededunak euskal gizarte barruan aintzatetsiz.