GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Odolak su gabe diraki

Euskal gatazka deritzon honetan dena ez da iluna, bada itxaropenerako zantzu argirik ere, baikorra izaten segitzeko aupada. Horra adibidea. Esaterako, beheko Estatuko Lehiarako Batzordeak Euskal Herriko hegoaldeko aurrezki-kutxak zigortu berri ditu, urteetan elkarren arteko lehia saihestu dutelakoan. Ez ukatu zantzu argia denik! Euskal Herriko hegoaldea isunetarako euskal esparrua dela aitortzea izan da hori, herri-kiroletan beraietan ere gertatzen ez den aitortza. Isunak, bestalde, kutxon bat egiteko bidea zabaldu du, denak bat izanda ez bailitzateke barruan zertan lehia egin. Arazoa, baina, benetakoa eta bakarra gainera, kutxa berriari izena jartzean datza, izenak orain arteko izanak mantendu behar dituelakoan: «VitalBbKutxaCan» da aukera gehien duen izena, iraganetik datorkien inertziak jota gogoeta egiteko ohitura handirik ez duten pertsonaiek proposatua, hain zuzen; dena dela, izen horrek duen arazoa da Kubako turismo agentzia baten itxura ematen duela. Tira, bateratzeari mesfidantzaz begiratzen dioten sektore konstituzionalistek, ostera, bat egitekotan «HilKutxa» deitzea proposatu dute, kutxon arteko transbertsalitatearen isla modura. Ezker abertzalekoek, beren aldetik, argi utzi dute euren jarrera espetxetik bidalitako eskutitz batez, «Euskal Herriko Hegoaldeko Erdibanku Zentrala» hain zuzen ere, egoitza nagusiak Iruñean behar duela gaineratuz.

Ez, ez dute bide makalik izango kutxok. Gainera, bada ni kezkatzen nauen besterik ere: lehiakortasun kontua! Modako berba bihurtu digute hori, lehiakide lehiakor behar dugula izan etengabeko lehi an. Zalantzak metatzen zaizkit buru aldean, autoak A8an legez: lehia gehienak ez dira leialak, lehiakor izan nahi duen asko ez da batere gai lehia leialean jarduteko eta, azkenik, jarduteko gai den askok ez du eskumenik jarduteko. Horra transbertsalitatea ikusteko beste ikuspegi bat. Ama, ama!

Odolak su gabe dirakiela esaten ohi da, atera kontuak suarekin! Kalifornia gogoan. Baso-borroka omen dute han, jatorria hirian duena. Sua bai, odolik ez han. Eta zerrendatik zerrendara, Kaliforniatik Gazara. Honetan surik ez, odola bai. Tortura energetikoa gazatarrak gizatiarrak izan ez daitezen. Kaliforniako ahaldunek beren sua hiltzeko behar duten besteen odola. Horra transbertsalitatea ikusteko beste ikuspegi bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo