Igor Azurmendi, Nerea Arrizabalaga eta Luis Larrañaga Pedagogian lizentziatua, gurasoa eta Gorputz-hezkuntza irakaslea
Osasunik gabeko hezkuntza gaixo dagoen gizartearentzat
Azken finean poliki-poliki hezkuntza pribatizatzeko lehen urratsetan gaude. Gero, aho betean entzungo ditugu politikariak Hezkuntza doakoa eta unibertsala dela esanez
Eusko Jaurlaritzak berriki onartu du Euskal Curriculumaren Dekretu berria. Bertan Gorputz-hezuntza arloa %40 murriztu dute, murrizketa honen aurkako hainbat gizarte eta hezkuntza arloko erakunderen iritzi eta protestak jasota ere.
Hezkuntza Saila, neurri hau argudiatzeko orduan, ikastetxeek izango luketen autonomia posiblean ezkutatu edo kamuflatu da, garbi baitauka gorputz-hezkuntzan lantzen diren eduki eta helburuak gizartean oso ongi baloratuta daudela, eta horien aurka zuzenean azalduko balitz emaitza ezkorrak jasoko lituzkeela. Marketing hutsa iruditzen zaigu esatea gorputz-hezkuntzan ordu kopurua ia erdira murriztuko dela, eta ondoren, komunikabide eta gizartearen aurrean aurpegia zuritzearren, ikastetxe bakoitzak nahikoa autonomia izango duela ordu horiek nahi bezala antolatzeko. Hezkuntza Sailak benetan autonomiaren aldeko apustua egin nahi izanez gero, ikastetxeei autonomia eskubidea lehenik utziko lieke, eta ez murrizketa era lotsagarri honetan ezarri ondoren.
Gaia gizarteratzen hasi denean, Administrazioak, bere ardurei ihes egin nahian, teorikoki ikastetxeengan delegatu du ordu gutxi batzuen antolaketa. Hezkuntzan badugu horrelako aurrekaririk, Musika arloan hain zuzen. Lehengo bi ordu haiek, gaur egun, ikastetxe guztietan ordu bakarrean geratu dira. Zer-nolako presentzia eta garapena du gaur egun arlo horrek?
Guraso bezala, eta ikastetxeetako errealitatea ezagutuz gero, zer irtenbide geratzen zaigu arlo jakin batzuk garatzeko eskolan nahi adina ez direlako garatu? Ordaindu ondoren, seme-alabak musika ikastera musika eskoletara, eta ariketa fisikoa eta kirola egitera eskolaz kanpoko saioetara bidaltzea. Familia «onekoak» baldin bagara, gaitz erdi. Azken finean, poliki-poliki hezkuntza pribatizatzeko lehen urratsetan gaude. Gero, aho betean entzungo ditugu politikariak hezkuntza doakoa eta unibertsala dela esanez, baina errealitate latzak erakusten du eskolak ezberdintasun sozial horiek handitzen laguntzen duela.
Ikastetxe bakoitzak autonomia izango duen gaia, zuritze edo makillaje hutsa da gizarte eta komunikabideen aurrean, hauek lasaitzeko asmoz. Baina, alde batetik, ikasturte honetan bertan dagoeneko ikuskariren bat presio lanetan aritu da Dekretua onartu aurretik lehengo ordutegiari (astean 2,5 ordu) eustearen alde agertu diren ikastetxeen aurka. Bestetik, hainbat ikastetxetan aurreko urteetan minimoak ere ez dira bete eta kasu hauen aurrean ikuskariek bestaldera begiratu dute.
«Euskal» Curriculum izeneko Dekretua bezala saldu digute, eta honetaz gain, Euskadiko kultur aberastasuna ezagutzen lagunduko duela aipatzen da. Gure ustez, gorputz-hezkuntza arloa esparru ezin hobea da helburu honetarako. Nazio eraikuntza prozesuan omen gaude, eta murrizketarekin gure herriaren kultur ezagutza eta transmisioa gutxitzea besterik ez da lortuko. Gure kulturaren osagai diren joko (Bola jokoa, tabak, txapela, kukumikuka...), dantza (Zazpi jauzi, Larrain dantza...) eta kirol desberdinek (Eskupilota, pala, zesta, erremontea, arrauna, mendizaletasuna, eskalada, surfa, txirrindularitza, piraguismoa...) leku garrantzitsua izan beharko lukete Derrigorrezko Hezkuntzaren Curriculumean. Bestela, zertan desberdinduko da Madrilgo Gorputz-hezkuntzaren curriculumarekin?
Dekretuan eduki bloke berria txertatu digute: Osasuna eta jarduera fisikoa. Lehendik genituen eduki eta helburuak lortzeaz gain, orain beste eduki bloke bat garatuko dugu, lehen zehar lerro bezala tratatzen genuena. Ordu kopuru hauek ez dira nahikoak inola ere Dekretuak berak irakasgai honi finkatu dizkion helburu orokorrak eta edukiak aurrera eramateko. Eusko Jaurlaritzak argudio hauek berak erabili zituen orain dela 13 urte onartutako Dekretuan Soin Heziketaren ordu murrizketa atzera bota, eta astean 2,5 ordu ezartzeko. Zertan aldatu da curriculuma gaur egun 1,5 ordurekin nahikoa dela esateko? Egungo gizartearen indikadoreak kontuan hartuta (sedentarismoa, loditasuna, biolentzia, arazo psikologikoak, gizarteratze arazoak...), ez al dago inoiz baino gehiago gorputz-hezkuntza bezalako arlo baten beharrik?
Kontraesan handia da ikasleei exijitzea arloko helburu orokor bezala «ariketa fisikoaren ohiko praktika erregularra baloratu, norbera eta besteekiko jarrera arduratsua erakusteko; eta aldi berean ariketa fisiko, higiene, jarrera ohiturak eta elikaduraren eraginak» ezagutzea, eta gero ikasleek berek ikustea Hezkuntza Sailaren aldetik nola murrizten dizkieten Gorputz-hezkuntzako orduak. Helburu hau benetan lortu ez dutenak Hezkuntza Sailean Dekretu hau diseinatu, aurrera eraman eta onartu dutenak dira. Helburuak maila teorikoan idazten dira, baina gero, praktikan helburu horiek lortzeko behar diren tresnak eta bideak ez dira ziurtatzen. Horregatik Europan Hezkuntzan gutxien inbertitzen dugun herrialdeetako bat gara. Honekin batera, datu interesgarriak; 2002-2003an konparazioa egin zen estatuen artean Derrigorrezko Hezkuntzan (6-16 urte) Gorputz-hezkuntzako ordu kopuruen inguruan, bakoitzak atera ondorioak: Espainia: 488, Frantzia: 1062, Bulgaria: 463, Ingalaterra: 836, Malta: 384, Eslovenia: 797, Portugal: 450, Hungaria: 987, Rumania: 435, Islandia: 720.
Azkenean Dekretuari jendaurrean ongi geratzeko egindako dokumentu hutsa besterik ez dela deritzogu. Onartezina da gure seme-alaben hezkuntza eta herri honen etorkizuna «teknokrata» batzuen esku uztea, ikastetxeak soilik enpresa-ikuspegi batetik kudeatu nahi izatea (eta ez ikuspegi pedagogikotik) eta ikasleak merkantzia huts bezala tratatzea. Zorionez, umeak ez dira inoiz torlojuak izango!