Bilboko Kafe Antzokiak haurrentzako antzezlan berria estreinatuko du gaur arratsaldean
Haurren jazarpena du gai nagusi Kafe Atzokiak gaur estreinakoz jasoko duen antzezlanak. «Ino, ino, ino, badator Bonbardino» izenburua du eta mezu didaktikoa zabaltzea helburu.
GARA| BILBO
«Ane Monna haurdun dago eta laster umetxo bat edukiko du; bere izena Bonbardino izango da. Eskolara joaten hasten denetik, bere ikasgelako neska ergel eta piji batek, Lady Pinpirinak alegia, trufak eta bihurrikeriak egiten dizkio etengabe; batzuetan, bere janzkeragatik, beste batzuetan bere ahoskeragatik, eta beste askotan, inolako aitzakiarik gabe. Bonbardino zapuztuta dago eta inork ez duela maite sentitzen duenez, oso erabaki inportantea hartuko du...». Hitz hauekin laburtu du Koldo Zelestino zuzendariak Bilboko Kafe Antzokian estreinatuko duen haurrentzako antzezlanaren gaia.
Mezu pedagogikoa
Haurren jazarpenaren kontrako alegatua da «Ino, ino, ino, badator Bonbardino». Lana Kurkuxuleta umegunean taularatuko da gaur 17.00etatik aurrera. Testua, musikaz eta koreografiaz lagunduta dator. Egilearen hitzetan, «oso antzezlan dinamikoa da». Josteta eta egun pil-pilean dagoen gai bat elkarren eskutik ikus daitezke antzezlan honetan. «Antzerkiaren bidez, haurrei zein helduei, haur jazarpenaren egunerokotasunaren errealitatea helarazi nahi diegu -azaldu du-. Gaia konplexua denez, tratamendua eta antolaketa ere zail samar bilakatu zaizkigu. Hala ere, gaiaren gordintasunari adarretatik heldu eta, dramatismotik urrunduz, hain serioa den gai hau modu ulergarri, erraz eta dibertigarrian taula gainera eraman dugu».
Bonbardino, Oskola eta Karramarroik lagunduta etorriko zaigu antzezlan honetan, baita Lady Pinpirina, Ane Monna, Lamia eta saguzaharra ere. Pertsonaiak tamainu naturaleko txotxongilo gisa, edota pantaila batean agertuko dira. Guztiak Rita Naveiraren, Esti Gabantxoren eta Gari Lasaren artean pertsonifikatuko dituzte. Musikak ere pisu handia du antzezlanean, erritmo ezberdinez osaturiko 17 abesti izango baitira entzungai.
Antzezlana gaur izango da 17.00tan. Bi lagunentzako sarrerak bost euro balio du.