Salamanca Ipuruan
Ohitura onak berreskuratzeko unea
Manu Herrera Ligan estreinatuko da eta Xabi Iruretagoiena deitu du Javier Mandiolak, Ivan Cuellarren lesioa dela eta
Ondorio larririk gabeko istriputzat hartu zuten eibartarrek Tenerifeko behaztopa. Iritzi hori egiaztatzeko beren ohitura onak berreskuratu beharko dituzte gaurkoan.
Taldearen ezaugarri nagusia sendotasun defentsiboa izan beharko da, baita hasieratik amaiera arte mantendu beharreko kontzentrazio eta intentsitatea ere. Horiexek baitira, orain arte ikusitakoaren arabera, gorri-urdinen arrakastaren oinarriak.
Zoritxarrez, eta bigarren astez jarraian, Eibarrek bi oztopo izango ditu asmo horiek gauzatzerako orduan: arerioa eta hutsuneak. Joan den astean gertatu zen bezala, erizaindegi armagina leporaino beteta dago, eta Javier Mandiolak bigarren taldeko jokalariak erabili behar izan ditu deialdia betetzeko. Xabi Iruretagoiena da, kasu honetan, nagusiekin arituko dena, Ivan Cuellarren lesioa dela- eta. Horrek, gainera, hasierako hamaikakoaren berri nagusia ekarriko du, izan ere, Elcheren aurkako Kopako partida jokatu ondoren, Manu Herrera Ligan estreinatuko baita.
Orain arte Cuellaren aldeko apustua egin izan duen arren, Manixek argi utzi zuen atzo konfiantza osoa daukala atezain madrildarrarengan. «Oso partida garrantzitsua da berarentzat, baina badaki gure babes osoa izango duela», azpimarratu zuen atzo entrenatzaileak.
Cuellarrena ez da, inola ere, gipuzkoarren hutsune bakarra. Txiki Lombrañak eta David Zurutuzak ez zuten atzo egindako proba gainditu, eta harmailetatik jarraitu beharko dute partida, Txiki, Etxabe eta Biel Medinarekin batera. Ez dago, hala ere aitzakiarik, Manixen ustean. «Ondo gaude. Hutsune hauek izatea ez litzateke igarri beharko, ez baikaude jolakari bat edo biren esku. Talde osoa da garrantzitsua Eibarren», esan zuen.
Bisitaririk txarrena
Eguneko bigarren oztopoa, baita garrantzitsuena ere, Salamanca izango da, bere emaitzek alderantzizkoa esaten badute ere. Izan ere, bigarren mailako bisitaririk txarrena da, etxetik kanpo jokatutako lau partidetan puntu bakarra lortu baitu.
Animatuta etorriko dira Salamancakoak, hala ere, joan den astean Castellonen aurka lortutako garaipenari -denboraldiko bigarrena- esker postu arriskutsuetatik aldendu baitziren.
Ilusio horri kontrajarrita, egoera fisikoa. Zazpi hutsunerekin helduko da Ipuruara Salamanca eta armaginekin gertatzen den bezala, entrenatzaileak bigarren taldeko jokalari bat sartu behar izan du deialdian. Martinezek, hala ere, bere taldeak bigarren garaipena jarraian eskura dezakeela uste du. Beti ere, «akatsik ez badugu egiten», bere ustean ez dira «gol aukera gehiegi egongo. Akats bat egiten duenak ordainduko du».