GARA > Idatzia > Saskibaloia

ACB Liga

Ordua eta bolada aldatzeko beharra dute euskaldunek

Bi partida galduta, Menorcan atera nahi du Tauk azken asteko arantza. Iurbentia Bilbao Basketek lan zaila du DKV Joventuten aurka ezer onik lortzeko.

p050_f01_111x111.jpg

GARA | GASTEIZ

Bart, goizaldeko 03.00etan ordularia atzeratu ostean, euskal taldeek, ordua ez ezik, azken jardunaldiko emaitza txarrak ere aldatzeko beharra izango dute eguerdiko 12.30etatik aurrera.

Alde batetik, bi partida jarraian galtzeak suposatzen duen arantza atera nahiko du Tau Baskoniak ViveMenorcaren aurka. Bestetik, La Casillatik kanpo irabazteko lan zailak izango ditu Iurbentia Bilbao Basketek, DKV Joventut liderra izango baitu aurkari.

Ricoh Manresa eta Olympiacosen aurka galduta, lesioek eta arazo pertsonalek erasanda, aste zaila izan du Tau Baskoniak. Atenastik bueltan, gainera, Menorcako taldeak ez dio harrera onik egin. Ez diete gasteiztarrei beren kantxa laga entrenamendurako -berez etxeko taldeek bisitan datozenei laguntzeko beharra dute-, eta beste kantxa batean prestatu behar izan du talde arabarrak neurketa.

Dena dela, Spahijaren taldea faboritoa da garaile ateratzeko, Ricard Casasenek, jokaturiko lau neurketak galdu baitituzte. Horretaz gain, Bazdaric eta Marinovicen zalantzak dauzkate. Tau Baskoniaren aldetik, Singletonen lesio luzeaz gain, Johnson eta Jasaitis faltako dira beste behin.

Neurketaren bezperan «taldearen defentsa maila» da Neven Spahija entrenatzaile kroaziarraren buruko min nagusia; izan ere, garaipena lortzeko ezinbestekoa baiteritzo.

«Olympiacosen aurka hirugarren partida jokatu genuen jarraian, defentsa eskasa eginez. Menorcan irabaztea espero dezagun behintzat, ea gure arazoak konpontzen hasten diren».

Liderraren aurka

Iurbentia Bilbao Basketek, aldiz, Badalonan du hitzordua, DKV Joventut liderraren aurka jokatzen baitu.

La Casillatik urrun denboraldiko aurreneko garaipena lortzea dute xede Txus Vidorretarenek, baina lan oso nekeza izango da ezinbestean. «Aito» Garcia Renesesek zuzentzen duen taldeak birrindu egin baititu orain arteko arerio guztiak.

Halere, Palau Olimpicen irabaztea zer den badakite bilbotarrek. 2004-2005 denboraldian 76-84 gailendu ziren bizkaitarrak, eta ACB Ligan historiako aurreneko garaipena eskuratu.

Bestetik, Paco Vazquez eta Marcelino Huertasentzat neurketa berezia izango da gaurkoa, iaz arte Badalonako taldean jokatzen baitzuten; Xavi Lopez ere Badalonako harrobian hezi zen. Honen harira, «erraz, beren erritmora joka dezatela eragotzi behar diegu, maila handia dute bestela», esan zuen Huertasek.

Azkenik, Recker aipatu behar, izan ere, orkatilako zaintiratuak oraindik erasan egiten du estatubatuarra. Joventuten, aldiz, ia ziurtzat jotzen dute Rudy Fernandezek ez duela jokatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo