«Astra proiektua» aurkeztu zen Gernikako koadrilen egunean
2005eko abenduan lehen aldiz okupatu zenetik gaur arte Gernikako Astra lantegi zaharrak bilakaera handia izan du. Atzo «Astra proiektua» aurkeztu zuten, gune soziokultural bat bideratzeko herritarren parte hartze prozesuak emandako fruitua. Astrak zer izan behar duen denen artean erabaki dute, orain Udalari dagokio egitasmoari babesa eman eta bideratzea.
GARA |
Gernikako koadrilen eguna izan zen atzo eta egun osoko bestaren barrenean, «Astra Proiektua» aurkeztu zuten eguerdian. Ehundik gora lagun bildu ziren bertan, eta han izan izan ziren proiektuan parte hartu duten herriko hainbat kultura talde eta eragile sozial ere. Joan den urtean iragarritako «Astraren geroa herritarren esku uzteko prozesua»ren fruituen berri eman zuten bozeramaileek. Beren hitzetan, «urte eta erdian eginiko bideak argi erakutsi du elkarrekin lan eginez proiektu bateratua egitea posible dela». Izan ere, Astraren esanahi greziarra gogora ekarri, eta adierazi zutenez, «izar multzo disdiratsu bat izan nahi dugu; bakoitzaren argiarekin denontzako proiektua osatu dugu».
Egitasmoaren gakoak azaldu, eta denen artean Astraren izaera adostu dute: «Kultura arteko espazioa, euskara sustatzeko espazioa, irabazi asmorik gabeko espazioa, belaunaldien arteko espazioa, garapen jasangarria helburu duen espazioa, antimilitarista, oroimenerako espazioa, gizartearen parte-hartzea sustatuko duen espazioa eta autogestionatutakoa» izanen da .
«Astra Km 0»
Gernikako Astra, 1998an itxitako lantegia, 2005eko abenduan okupatu zuten herriko hainbat gaztek. Geroztik gorabehera handiak izan badira ere, 2006ko maiatzean abiatutako parte hartze prozesuak emaitza eman du, atzo aurkeztu zuten «Astra proiektua», hain zuzen ere. Egitasmoa eratzeko prozesu berezia eraman dute aurrera Gernikan: «Astra Km 0» izenez herriko elkarteek, gazteek, herritarrek, talde kulturalek eta bertze hainbat eragilek parte hartu dute, «horien beharrizanen diagnosia egin, eta ondorioen arabera behar horiei nola aurre egin erabakitzeko». Horretarako jarraitu duten metodologia ere nabarmentzekoa da. Demokrazia parte hartzailea jorratzen duten EHUko hainbat irakasle arduratu dira prozesua aurrera eramateaz, «parte hartzaileen ekarpenak jaso eta eginbeharrak bideratu eta dinamizatze» lanak beregain hartuta.
Astraren lehen okupazioak gutxi iraun bazuen ere, eraikinaren erabilera aldarrikatzeko mugimendua abiatu zen orduan, «Astra Gernikentzako» ekimenaren baitan. Orduan erabaki zuten «eraikin publikoa izatea eta bere ondarea jagotea, jarduera soziokulturaletarako espazioa izatea eta gernikarrek Astraren etorkizuna erabaki ahal izatea». Azken horri erantzunez sortu zen «Km 0» prozesua. Mobilizazio andana egin zen aldarrikapen horrekin, eta 2006ko otsailean berriro okupatu zuten. Maiatzean Udalak erosi zuen, eta eskaerari kasu egin, «espazio sozio-kultural bat sortzeko» baliatzeko asmoz. Aipatzekoa da Astra dagoen gunea etxebizitzak eraikitzeko egokitu zela, eta horrek ehun urte baino gehiago dituen eraikinaren desagertzea ekarriko zuela, 1937ko bonbardaketaren ondotik zutik gelditu eta gaur egun arte iraun duen bakarretakoa izanik.
«Astra proiektuan» azaltzen denez, 1916an eraiki zen «Talleres de Guernica-ren lehen pabiloia», egun Astra izenez ezagutua, «arkitektura modernizatzailearen aintzidarien moldeak jarraituta». 1937ko bonbardaketa zutik jasan zuten eraikinetako bat izan zen. Makina tresnak, hegazkinentzako bonbak eta fusilentzako granadak egiten ziren, eta 1968tik aurrera pistolak egiten hasi ziren.
1998an enpresak porrot egin zuen, istilu askoren artean. Geroztik hutsik egon da 2005ean gazte talde batek okupatu zuen arte. Kanporatuak izan baziren ere, Astra herriarentzat izatea aldarrikatzen zuen mugimendua sortu zen, iaz Udalak «gune soziokultural» bat sortzeko erosi zuen arte. 2006ko otsailetik erabiltzen dute. GARA