GARA > Idatzia > Errugbia

Baiona

Gorriak ikusi arren, balio handiko garaipena lortu du Avironek Briveren zelaira egindako bisitan

J.L. | BAIONA

Lan asko egin behar izan zuen, asko sufritu behar izan zuen, batez ere azkeneko minutuetan, baina Avironek balio handiko garaipena lortu zuen atzo Briveren zelaian, 21-22, 10.800 ikusleren aurrean.

Zuri-udinek Liga hasiera negargarria izan zuten iaz, zortzi jardunalditan garaipenik gabe egon ziren, eta garbi zuten aurten hori ezin zela errepikatu, eta atzokoan behintzat, irabazi egin zuten, eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat.

Avironek lehen zati oso ona egin zuen, eta hirugarren minutuan Dourthek jaurtitako zigor kolpe batek aurretik jarrin zituen euskaldunak. Etxekoek, ordea, beste ostiko bati esker partida berdindu zuten, baina Dourthek, atzoko puntugile nagusiak, beste bi zigor gauzatu zituen, eta 3-9koa jarri zuen markagailuan. Azkeneko minutuan etxekoek markagailuan aldea murriztu zuten, eta 6-9koarekin heldu ziren atsedenera.

Bigarren zatiaren hastapenean, berriro ere Dourthek bere bi aukera aprobetxatu zituen, eta zuloa ireki zuen, nahiz eta etxekoek beste zigor bat ere gauzatu.

9-15ekoarekin, Briovek aurrera egin zuen, eta hortik aitzinera gogor egin behar izan zuen talde zuri-urdinak. Hala ere, Briveren ahalegina emaitzak ematen hasi zen, eta partida amaitzeko oren laurdena geratzen zenean, Brivek partidari buelta eman zion, bi zigor eta drop bat gauzatuta, eta 18-15ekoa jarri zuen markagailuan.

Partida asko okertu zen, baina partida finitzeko bederatzi minutu geratzen zirenean, Gouwerek lapurtarren entsegua egin zuen, eta Dourthek gauzatu egin zuen. Azkeneko minutuetan etxekoek drop bat lortu zuten, baina puntuak Euskal Herrira etorri ziren.

Hau izan zen Avironen hamabostekoa: Peyras, Gerber, Dourthe, Gower, Lhande (Larretxea, 51.m), Edmonds, Sallecanne (Tilloles, 50.m), Bernad, Haare, Deen (Massabeau, 61.m), Linde, Tewhata (Springgay, 57.m), Kopaliani (Iginiz, 37.m), Roumieu (Hegi, 61.m), Fiorini. Dourthek bost zigor eta drop bat egin zituen, eta Gouwerek entsegu bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo