GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazio eraikuntzaren alde lan egiteko asmoa agertu dute herritarrek Ekarpen Foroan

Nazio Eztabaidagunea 07 ekimenaren barrenean Ekarpen Foroa izan zen atzo Iruñean. Askotariko ideiak dituzten parte-hartzaileek euskal naziotasunaren alde lan egiteko gogoa eta itxaropena erakutsi zituzten.

p023_f02_148x104.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Duela lau urte abian jarritako Nazio Eztabaidaguneak aurrera darrai, eta horren erakusgarri atzokoan Ekarpen Foroa izan zen Iruñean. Euskal Herri osotik etorritako herritarrak, beren ideien eta sentsibilitateen gainetik, euskal naziotasunaren alde lan egiteko gogoz agertu ziren. Ekimen hau bakarra da; Euskal Herriko lurralde guziak kontuan hartuta nazio osoari buruzko eztabaida ematen den eskenatokia da Nazio Eztabaidagunea, eta, beraz, herritarren parte-hartzea ahalbideratu duen Ekarpen Foroa ere osotasun ikuspegi horretatik egiteko aukera izan zen atzokoan. Hala, ikuspuntu ezberdinetatik jasotako ekarpenen bidez, Euskal Herriak aurrera begira dituen beharrak eta lehentasunak dituzten alorrak zehazteko balio izan zuen atzoko foroak.

Gabeziari aurre egiteko

Nazio Eztabaidaguneko bozeramaile diren Mikel Irastortza eta Garbiñe Bono-k azaldu zutenez, «2003an sortu zen ekimen hau, gabezia bati aurre egiteko. Euskal Herriari buruzko eztabaidak lurralde zatiketaren arabera egiten ziren, eta ez zen analisi bateratu bat eskaintzen. Nazio Eztabaidagunearekin, nazio osoko egoeraren azterketa egin, eta egoera hori gainditzeko prozesua abiatu zen». Ekimena hainbat eragilek bultzatuta dagoen arren, herritarren eginkizuna azpimarratu zuten atzo: «Parte hartzea funtsezkoa da; ekarpenak egiteko espazio irekia eskaintzen da Ekarpen Foroan».

Atzoko saiotik ateratako ondorioez galdetuta, «aldaketa politiko baten atarian» gaudela adostasunez adierazi zuten, eta aldaketa horren ezaugarri eta nolakotasuna dagoela jokoan. «Euskal Herria nazioa dela aitortzea, erabakitzeko eskubidea duela, hau da, autodeterminazio eskubidea duela, eta zatiketaz gaindi, lurraldetasuna onartu» behar zaiola izan ziren adostutako ideiak. Bide horretan, «eskenatoki berria eraikitzeko tresnak» zehazteko beharra agertu zuten, bai eta «parte hartzearen bidez aktibazio ahalik eta gehien» lortzekoa ere.

Iruñeko Ekarpen Foroan parte hartu zutenek Euskal Herriaren nazio eraikuntzari begira «itxaropen handia» erakutsi zutela jakinarazi zuten bozeramaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo