GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria

«Hirugarren mundurako» ordenagailua (?)

Gezurra badirudi ere, badator. Gainean dugu. Iristear da eguna. Azaroaren 12an ordenagailu txiki, berde eta berezi bat jarriko dute salmentan mundu mailan. Hasiera batean «100 dolarreko ordenagailua» izenarekin jaio zen. Gero «OLPC» deitzea erabaki zuten («One Laptop Per Child» edo «ordenagailu eramangarri bat haur bakoitzeko»). Eta, azkenean, «XO» izenarekin merkaturatu dute.

2006ko urtarrilean Nicholas Negropontek, sortzaileetako batek, (ustez) elkartasunez blai sortutako ordenagailu berde honen berri eman zuen Munduko Ekonomia Foroan. Garapen-bidean dauden herrialdeetako haurrentzat bideratu nahi den proiektutzat saldu dute hasieratik. «Hirugarren mundua» deitzen dioten horretarako heziketa-proiektu gisa. Baina, bada bestelakorik pentsatzen duenik ere.

Proiektuaren aldeko ezaugarriak aipatzen hasita, proiektuaren helburuak, sortzaileek diotenaren arabera, eta arestian aipatu bezala, garapen-bidean dauden herrialdeetako haur bakoitzeko ordenagailu bat bermatzea da. Hezkuntza-proiektutzat planteatzen dute. Eten digitalari frenoak jartzeko elkartasun iniziatibatzat. Eta, izaera hori oinarri, ordenagailua diseinatzerakoan hamaika auzi kontutan hartu behar izan dituzte.

«Hirugarren mundu»ari begira badago, ordenagailuak merkea izan behar du. Horretarako, makinaria edo hardware aldetik txikia da, eta bere diseinua ez dago azkartasunera bideratuta, bateriaren iraupenera baizik. Termino teknikoetan, prozesagailuak frekuentzia baxuko erlojua du. Gainera, «hirugarren mundu»ko herrialde batzuetan dagoen elektrizitaterik ez dagoenez, hasiera batean biradera (manibela) bati eraginez eta, azken prototipoan, hari bati tira eginez, bateria kargatzea ahalbidetzen du XOk. Alegia, gure ordenagailu eramangarriek ez bezala, XO ordenagailuak egun batzuetarako bateria izateko ahalmena du, gureak, ordea, ordu gutxi batzuetarako soilik. Bi antena Wi-Fi ditu, hauek tapa ixtearen funtzioa ere badute. Prestazio gehiago ere badu: mikrofono bat, bi bozgorailu, kamaratxo bat, eta abar.

Softwareari edo barruan instalatuta dituen programa edo aplikazioei dagokienean ere, ordenagailuaren prezio igoera sahieste aldera edo, GNU/Linux sisteman oinarrituta garatu dute, software librea erabiliz, alegia. Hezkuntzara bideratutako aplikazioak bere baitan biltzen ditu, noski, hori baita, printzipioz, proiektuaren helburu nagusia. Bestalde, web nabigatzaile bat, RSS irakurle bat eta Interneteko solasgune eta bideokonferentziak ere ahalbidetzen ditu. Abantaila hauek guztiak aitortuta ere, ordenagailuak ez du guk erabiltzen ditugun ordenagailu arrunten gisa funtzionatzeko gaitasunik, funtzioak erabat mugatuak baititu.

Elkartasunez blaik aurkeztutako proiektuak ordea, badu alderdi ilunik. Badirudi zerbait ezkutatzen duela. Eten digitalari aurre egiteko planteatutakoari, kutsu ekonomikoa hartu dionik ere bada.

Egia da Internetek eta teknologia berriek herrialdeen arteko ezberdintasunak areagotzeko joera dutela. Gero eta informazio eta jakintza gehiago, eta gero eta errazago eskuratzen dugularik, gero eta gehiago aldentzen gara «hirugarren mundua» deitzen diotenetik. Alde horretatik, garapen-bidean dauden herrialdeak helburu dituzten proiektu teknologikoak ongietorriak dira, halabeharrez. Baina, elkartasun eta laguntza bada alternatiba teknologiko horien guztien abiapuntu eta helburua soilik, ez bestela.

Nicholas Negroponte MITeko (Massachusetts Institute of Technology) AEBetako ikerketa zentrurik entzutetsueneko zientzilaria da. Ikerketatik bizi den «munstro» horrek sortu zuen proiektua, MITek. Diotenez, Nicholas Negroponte zientzia informatikoetan guru edo aditua da. Baina John Negroponteren anaia, AEBetako inteligentzia zerbitzuen zuzendaria omen da. Hori horrela, eta webgune fidagarri bat baino gehiagotan irakur daitekeenaren arabera, MIT erakundeak Luxemburgoko enpresa bat kontratatua du, zeinak ordenagailuen satelite bidezko kokapena kontrolatzen duen. Itxuraz, ordenagailuen mugimenduak kontrolatzen dituzte, eta honek, noski, hasieratik «saldu» duten izaera «libre» eta irekiari bizkarra ematen dio.

Baina zurrumurruek gehiago ere esaten dute. XO ordenagailuak duen zerbitzari sistema baten bitartez, Wi-Fi bidezko sare-konexioa ahalbidetzen duen neurri berean, beste ekipoetako edukiak ikusi eta kontrola ditzakete. Bestalde, software librea oinarri hartuta garatu bada ere, MITekoek sistema itxi eta bertan aldaketak egiteko aukera mugatu omen dute.

Artikuluaren hasieran aipatu bezala, azaroaren 12tik aurrera izango da erosgai. «Give one get one» da kanpainarako aukeratu duten leloa («Bat eman eta bat lortu»). Eta, halaxe eskaintzen dute. 300 euro inguru balioko dituen ordenagailu humanitario berde hauetako bi erosi, eta horietako bat «hirugarren mundura» bidaltzea bermatuko dute. MITentzat negozioa den edo ez, ezin jakin. Baina «lehen mundu»aren errukitasun hipotetikoari eskutik helduta datorrela ezin zalantzan jarri.

Zenbat iluntasun, ustez, karitatetik sortutako proiektu teknologiko humanitario batentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo