GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroan abortatzea bermatzeko asmoz lege proposamena aurkeztu du NaBai-k

p020_f01_148x108.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako Parlamentuan NaBai taldeak lege proposamena aurkeztu zuen atzo, herrialdean haurdunaldien borondatezko etetea bermatzeko. Hilaren 10ean Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ziren mozioek Gobernuari egin zioten eskaera betearazteko neurria izan da, mozio horiek ez zirela «betebeharrekoak» jakinarazi baitzuen orduan Miguel Sanzek.

IUN eta PSN taldeek, bakoitzak bere aldetik, Abortoaren Legeak aurreikusten dituen hiru kasuetan haurdunaldia eten ahal izatea berma dadin neurriak har ditzala eskatu zion Gobernuari. IUk, gainera, aborto librearen alde egin zuen, baita sexu-hezkuntza bultzatzeko neurriak hartzea eskatu ere. Mozio horiek aurkeztu zituztenean Parlamentuko taldeek bazekiten Gobernuaren jarrera zein izango zen, eta IUNk PSNri elkarrekin «lege proposamen bat» aurkeztea proposatu zion. NaBai-k bera ere kontuan hartzeko eskatu zion IUNeko ordezkariari, eta atzokoan, bere kabuz aurkeztu zuen proposamena.

«Esklusiorik ez izatea»

NaBai-ko Asun Fernandez eta eta Maria Luisa Mangadok atzo aurkeztutako proposamenean, urriaren 10ean talde horren, PSNren eta IUNren bozekin onartutako mozioan eskatutakoa biltzen da, hiru kasu horietan haurdunaldia eten ahal izatea, hain zuzen ere. PSN eta IUN taldeen babesa jasotzea espero dute, eta Parlamentuan onartua izanez gero, Nafarroako Gobernuak herrialdean abortoak Osasun Zerbitzu Publikoan egin ahal izateko neurriak hartu beharko ditu.

Lege proposamenak 10/1990 Foru Legean eta geroago gehitutako 71/1991 Foru Dekretuan aldaketak egin daitezela eskatzen du. Osasun zerbitzuaren arautegian jasotzen den lege hori «zerbitzuaren unibertsalizazioari» buruz mintzo da, eta inmigranteei zerbitzu hori erabili ahal izateko aukera bermatzeko onartu zuten. Unibertsalizazio kontzeptuak «osasun zerbitzuak erabiltzeko eta horiek erabiltzeko aukera nafar herritar guztiek berdintasunez egin ahal izatea bermatzeko» helburua du. NaBai-ren ustez, lege horrek espreski aitortu behar du zerbitzuen artean haurdunaldiaren borondatezko etetea, eta era berean, «herritarren berdintasuna» ziurtatzeko, emakumeek zerbitzu hori «herrialdean bertan egin ahal izatea». Izan ere, arau horrek «Nafarroako herritarrek Osasun Zerbitzuetan inolako bereizketarik eta bazterketarik ez jasatea» helburu duela nabarmentzen du 10/1990 Foru Legeak.

Atzoko Parlamentu saioan IUN taldeak galdera egin zion Osasun Saileko Mari Kutzi, urriaren 10ean Parlamentuak eskatu zituen neurriei buruzko txostenei buruz, hain zuzen ere.

Bertzalde, osasun zerbitzuetan lanean ari direnen kontzientzia eragozpena erregulatzeko erregistro bat sortzeko eskatu zioten Gobernuari. Horretaz gainera, 15 urtez beherako nesken artean nahigabeko haurdunaldien kopurua nabarmen igo dela-eta, IUNk sexu-hezkuntzan eta prebentzioan eraginkorrak izanen diren neurriak bultzatzeko eskatu zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo