Amaia Agirrek eta Aitor Sarriegik final-erdietan jarri dituzte hankak irristada dezentedun asteburuan
Amaia Agirrek eta Aitor Sarriegik lortu dituzte final-erdietarako beste bi txartel preziatu. Ezustekoak eta irristadak izan dira asteburuan. Esaterako, Jokin Uranga eta Ekaitz Goikoetxea kanpoan geratu dira.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Azken final-laurdena jokatzea baino ez da falta. Hartara, gero eta garbiago ikusten da G Puntuaren lehian aurrera egitea lortuko dutenen zerrenda.
Joan den asteburuko saioetan Amaia Agirrek eta Aitor Sarriegik lortu zituzten zuzeneko txartelak. Final-erdietan egongo dira Agirre eta Sarriegi, eta baita 2009 urteko Euskal Herriko txapelketan ere. Sari bikoitza dauka final-erdietarako txartelak.
Larunbatean Eibarko Coliseo Antzokian izandako saioa oso jendetsua izan zen, 500 bat lagun bertaratu baitziren. Saio polita joan zen, motel samarra akaso hasieran, baina ondo berotu zen azkenerako.
Amaia Agirrek oso saio erregularra egin zuen eta lehen postua lortu zuen 493 punturekin. Bakarkako lanean eta hitza emanda oso dotore aritu zen Agirre. «Kolonia» hitzari botatako bertsoa gogoangarri horietakoa izan zen.
Villabonakoaren atzetik geratu ziren Iker Zubeldia (476), Iñaki Zelaia (476), Ainhoa Agirreazaldegi (474,5), Arkaitz Oiartzabal (469) eta Hodei Iruretagoiena (428).
Igandeko hitzordua, berriz, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean izan zen. 800 lagunek lepo bete zuten aretoa eta 60 bertsozale inguru sartu ezinik geratu ziren. Maila handiko saioa espero zen, baina azkenean ez zen hain goitik joan. Jokin Uranga eta Ekaitz Goikoetxea aurreko txapelketan finalista izan ziren, beraz begi asko zeuden haiei begira. Baina, ez batak ez besteak ez zuen egun onik izan eta final-erdietarako aukerarik gabe geratu dira.
Aitor Sarriegik lortu zuen lehen postua 497,5 punturekin eta Iñigo Manzisidor «Mantxi» izan zen bigarrena 484,5 punturekin.
Hortik behera, eta puntu dezenteko aldearekin, honakoak geratu ziren: Ekaitz Goikoetxea (450,5), Joxe Luix Urdangarin (450), Jokin Uranga (447) eta Bixente Gorostidi (446,5).
Irribarreak eta aurpegi zurbilak ikusi dira asteburu honetako saioetan. Tristurak, final-erdietan espero ziren bertsolari zenbaitek irristada mingarriak izan dituztelako, eta irribarreak, besteen irristadei esker beren burua final-erdietatik kanpo ikusten zuten bertsolari zenbaitek aukerak dituztelako orain. Zumaiako puntuaketan bigarrenetik hirugarrenera egondako aldeak (34 puntuko aldea handia da), hankaz gora jarri ditu pronostiko guztiak. Barruan esperotako batzuk kanpoan geratu dira eta, alderantziz.
Hemezortzi txartel
Final-erdietan guztira hemezortzi bertsolarik izango dute tokia: Final-laurden bakoitzeko lehenengoak (guztira bost) eta sailkapen orokorreko lehen hamahiruak.
Oraingoz, zuzeneko txartelak Uxue Alberdik, Jexux Mari Irazuk, Amaia Agirrek eta Aitor Sarriegik lortu dituzte. Azken zuzeneko txartela asteburu honetan banatuko da Tolosako saioan. Behin-behineko sailkatuen zerrenda (saio bat falta dela kontuan izanda), honakoa izango litzateke: Iñigo Manzisidor (484,5), Jon Martin (478), Iker Zubeldia (476), Iñaki Zelaia (476), Ainhoa Agirreazaldegi (474,5), Unai Muñoa (474,5), Xabier Sukia (474), Joxe Munduate (471), Unai Agirre (471), Arkaitz Oiartzabal (469), Iñaki Gurrutxaga (466,5), Iñigo Izagirre (465) eta Aitzol Barandiaran (463,5). Pentsatzekoa da, hala ere, datorren igandeko Tolosako saioarekin aldatu egingo dela sailkapen hori.
Lekua: Tolosako Usabal kiroldegian.
Eguna: Azaroaren 4, igandea.
Ordua: Arratsaldeko 17.00ean.
Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Jon Maia, Nahikari Gabilondo, Ibai Esoain, Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi.