GARA > Idatzia > Alaves

Egoera zaila Gasteizen

Lasherasen ustez aurtengoa trantsizio urtea izango da

Kirol zuzendariak nabarmendu du taldearen helburu nagusia jarraikortasuna izatea dela

p039_f01.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Beste hainbat taldetan urduri jartzen hasiak dira eta jada hainbat entrenatzaile kargutik bota dituzte: Lehen Mailan Quique Sanchez Valencian laugarren joanda eta Levanteko Abel, eta Bigarren Mailan Las Palmaseko Juanito. Hala ere, Carlos Lasheras Alaveseko kirol zuzendariak lasaitasunerako deia egin zuen atzo Radio Vitorian eta, momentuz, Josu Uriberekin antzerako erabakirik hartuko ez dutela nabarmendu zuen.

Castellon izan zen igandean talde babazorroko kirol zuzendaria eta bertan Alavesek itxura oso kaskarra eman zuen arren, gauzak lasaitasunez hartu behar direla nabarmendu zuen atzo. Azken hiru urteetan jazotako kalapita guztien ondoren, mailari eustea eta taldearen jarraikortasuna dira babazorroen helburuak. «Hasieratik erabili dugun diskurtsoarekin jarraitzen dugu. Ulertu beharra dago eraikitzea asko kostatzen dela eta suntsitzea oso gutxi. Bagenekien oso denboraldi zail eta luzea izango zela aurtengoa; asko sufritu beharko dugu eta jendeari horixe helarazten saiatu gara».

Burgosetik fitxatutako kirol zuzendariak behin eta berriz errepikatu zuen taldearen aurtengo egoera oso kezkagarria dela jokalariekin zor handiak pilatu dituztelako, azken urteetako presio sikologikoa oso handia delako eta jokalari berriek mailara ohitzeko denbora behar dutelako. Horregatik, oso argi du aurtengoak «trantsizio urtea» izan behar duela eta helburu nagusia mailari eustea dela.

Apur bat hobeto

Arazoak arazo, taldeak gehiago eman dezakeela uste duen asko dago Gasteizen. Hala ere, Carlos Lasherasek Alaves duen mailari dagokion lekuan dagoela uste du. «Agian apur bat hobetoxeago egon gintezkeela? Partida pare bat gehiago aterata, ba ziurrenik bai. Oraintxe ez daukagu akatsik egiteko margenik eta aurten garrantzitsuena taldearen jarraikortasuna da. Horretarako asko sufritu beharko dugu. Kirol alorrean ahalik eta talderik onena egiten saiatu ginen, mailari eusteko gai garela uste dugu eta horixe da helburua».

Taldearen beste alor batzuen inguruan ere hitz egin zuen Lasherasek. Hala, Carlos Urretxo atzo bertan Alaveseko harrobiaren arduradun gisa lanean hasi zela ezagutarazi zuen.

Mirandakoa Alaveseko jokalari ohia da eta, entrenatzaile bezala, Real Madriden ikuskatzailea izan zen. Aldaketa horrekin, harrobiko jokalariek lehen taldean lekua izatea bilatzen dute taldearen arduradun berriek. Lasherasen iritziz, gaur egun garrantzitsuena Alaveseko lehen taldearen egoera da, baina etorkizunera begira harrobia ere oso garrantzitsua izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo