Uruguaira joandako euskaldunen kultur adierazpenak ikertzeko beka eman du Eresbilek
Uruguaien egondako orkestra zuzendari, koru, organo jole, txistulari, danbor jole eta akordeoi jole euskaldunen bizitza aztertuko dute Juan Zelaia Letamendia musika-bekaren azken irabazleek.
GARA | DONOSTIA
Juan Zelaia Letamendia Musika Bekaren hirugarren edizioak badu dagoeneko proiektu irabazlea. Eresbilek antolatu eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak babesten duen deialdiak 9.000 euroko dirulaguntza emango die Eneko Sanz Goikoetxea eta Alberto Irigoyen Artetxeri Uruguain historian egondako euskaldunek izan zituzten kultura eta musika adierazpenak iker ditzaten.
Aurreikusitako azterketa aurrera eramateko dokumentazio lan sakona egin beharko dute saridunek. Hala, artxibo eta liburutegi publiko zein pribatuetara zuzenduko dute beren jarduera.
Halaber, musikarien ondorengoek izan ditzaketen materialak jaso nahi dituzte, Alzola, Larrinbe, Olaverri, Mujica eta Iguain-en kasuak erreferentzia hartuta. Dokumentazio bilketaren ondoren, berriz, eskuizkribu, partitura eta grabazioen digitalizazioa egitea izango da proiektuaren alderdi garrantzitsuenetakoa.
Euskal etxeetara
Gainera, Uruguain dauden euskal etxeetan gorderik dagoen material grafikoa erabiliko dute, bertan egin ziren ekitaldiak dagokien testuinguruan kokatzeko; Horrenbestez, aurkitzen dituzten argazki, egitarau eta jaiei buruz egindako kronikak bilduko dituzte. Era berean, euskal etxeek plazaratzen zituzten barne buletinak ikertuko dituzte Uruguaiko euskaldunek abesten eta dantzatzen zituzten piezak ezagutzeko.
Lehen eskuko informazioa eman diezaieketen pertsonak (musikariak, koruetako kideak) elkarrizketatu, eta digitalki gordeko dituzte beren berbak. Era berean, orduan inprimatu zituzten gonbidapen, egitarau eta kantutegiak digitalizatuko dituzte ikertzaileek.
XIX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, euskaldun asko abiatu ziren Uruguaira. «Caja Vasco Navarra de Reempatrio» izeneko elkartea 1883. urtean sortu zuten Euskal Herri osotik aberria utzi eta Ozeanoaz bestalde joan ziren etorkinak.
Aipagarria da, Grandmontagnek idatzitako «Los Inmigrantes Prosperos» liburuan, Amerikako euskarari buruz hitz egiten duela. «Euskara hau, bertan bizi diren euskaldunen euskalkien nahasketaren ondorioz sortu da», nabarmendu dute ikertzaileek. «Luciano Bonaparte hizkuntzalariari, euskalki hau iritsi zitzaionean harritua gelditu zen, eta hizkera hau Buenos Aireseko euskalkitzat kalifikatu zuen», gogoratu dute.
Eneko Sanz Goikoetxea eta Alberto Irigoyenek 9.000 euroko dirulaguntza jasoko dute Uruguaiko euskaldunek utzitako arrastoa jarraitzeko.
Liburutegietan, elkarrizketa bidez eta euskal etxeetan aurkitutako informazioa digitalki gordeko dute ikertzaileek.