Ynestrillas Gernikan izango da gaur zortzi epaiketa batean militar bat defendatzeko
GARA |
Ricardo Saenz de Ynestrillas ultraeskuindar espainola Gernikako Epaitegian izango da azaroaren 6an. Mungiako herriko tabernako langile bati heriotza mehatxua egin eta iraintzeagatik epaituko dituzten hiru militar espainoletako baten abokatua izango da.
Ekainaren hasieran jazo zen Mungiako gertaera hiru militarrak txakur batekin herriko tabernara sartu zirenean. Tabernaria bakarrik zen une horretan eta 40 bat minutuz barruan egotera behartu zuten.
Komisaldegian jarritako salaketan jasotzen denez, bi tiro emango zizkiotela esan zioten tabernako langileari eta iraindu ere egin zuten. Horrez gain, Espainia eta Legioaren aldeko oihuak bota zituzten.
Tabernariak mehatxu larriak entzun behar izan zituen, esaterako «zu hemen berunarengatik zaude eta neuk ere beruna daukat, beraz kontuz ibili edo bi tiro emango dizkizut zuri eta nire aurka jartzen den orori».
Buruan kolpe bat ere eman zioten tabernariari eta, azkenean, lokalaren atzeko ate batetik alde egin behar izan zuen bere burua arriskuan zegoela ikusirik. Dei bat jaso ostean, ertzainak bertaratu egin ziren eta militarrak identifikatu eta arakatu zituzten. Hala ere, ez zituzten atxilotu.
Ynestrillas eta epaitu behar dituzten hiru militarrak ez ezik, beste hainbat ultraeskuindar ere etor daitezke Gernikara. Izan ere, Ynestrillasek Gernikara etortzeko deia egin zien bere jarraitzaileei uztailaren 6an bere blogean idatzitako «Combate en Guernica» testuan. Gainera, hiru militarrei babesa ematera etortzeko asmoa agertu dute webgune ultraeskuindarretan.