SURFA Euskaldunak nazioartean
Aritz Aranburuk esku-eskura du munduko Top 44ra igoera
Brasilgo azken proban final-laurdenetan sartzea lortu zuen eta sailkapenean bederatzigarren jarri da. Eneko Acero ere bikain ibili da asteburuan.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aritz Aranburu surflari zarauztarrak ia ziurtatuta utzi zuen asteburuan WCT zirkuiturako igoera -munduko 44 surflari onenak biltzen dituen txapelketa-. Urte hasieratik emaitza bikainak lortu ondoren, Ubatubako (Brasil) sei izarreko proban final-laurdenetara iritsi zen eta bertan batutako 1.625 puntuei esker, WQS zirkuituko bederatzigarren posturaino igo da, orotara 11.214 puntu bilduta. Sailkapeneko lehen hamabostak igotzen direla kontuan hartuta -bat edo beste gehiago ere bai agian- eta zirkuitua amaitzeko bi proba garrantzitsu baino ez direla geratzen jakinda, oso zaila izango da Aranburuk bere betiko ametsa ez betetzea.
Denboraldiari amaiera Hawaiin emango dio gipuzkoarrak. Sei izarreko bi txapelketa berezitan (Prime) hartuko du parte eta bertan ziurta dezake matematikoki igoera. Aurrenekoa Alii Beach-en jokatuko da azaroaren 12tik 24ra bitartean eta bigarrena Sunset Beach-en azaroaren 25etik abenduaren 6ra. Ez da leku txarra Aranbururentzat, olatu handietan ongi moldatzen baita. Baina bere arriskua ere badu. Izan ere, agertokia eta sariak aintzat hartuta, goi-mailako surflari guztiek bertan egon nahiko dute, baita Top 44koek ere. Horrenbestez, huts bat oso garesti ordain daiteke. Arazo hori, ordea, beste guztiek ere izango dute.
Aritz Aranbururekin batera, Eneko Acero bizkaitarrak ere lan aipagarria egin du Brasilgo azken proban. Izan ere, getxotarrak ere final-laurdenetan sartzea eta beste 1.625 puntu batzea lortu zuen. Azkenaldian oso maila onean dabilela argi geratu da eta sailkapenean gorakada nabarmena egin du. Une honetan, 36. postuan dago 8.888 punturekin. Beste urte batzuetan gertuago izan den arren, aurten ere ez da igoera postuetatik oso urrun geratuko; datorren urtera begira, WQS zirkuituko onentsuenekin batera sartuko da lehiaketetan berriz ere. Hodei Collazo zarauztarra, azkenik, 61. postuan dago 7.107 punturekin.
Euskal Zirkuitua, Muniainentzat
Bestetik, Asier Muniainek aurtengo Euskal Zirkuitua bereganatu du Zarautz eta Zumaia artean jokatutako hirugarren proba irabazita. Finala Orruan jokatu zen eta finalean Jatyr Berasaluze gainditu zuen. Markos Sansegundo hirugarren izan zen eta Karlos Gomez laugarren.