GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizune izan da mailako talderik onena

Lapurtarrek partida biribila egin ez bazuten ere, 17 eta 6 hartu zuten mendean Lurda taldea

Jon LEUNDA | BAIONA

Donibane Lohizune izan da Liga Federaleko Lehen Mailan dabiltzan hiru euskal taldeetan onena. Lapurtarrek 17-6 hartu zuten mendean Lurda. Maulek, eta Nafarroak, aldiz, galdu egin dituzte neurketak.

Donibane Lohizunek 17-6 hartu zuen mendean Lurda. Lapurtarrek nahiko partida erosoa izan zuten, eta aparteko jokorik egin gabe hartu zuten mendean aurkaria. Hamargarren minutuan aurreratu zen talde gorri-berdea Elizondoren entsegu bati esker, eta hortik aurrera neurketa kontrolpean ukan zuten. Labrouchek egin zuen etxekoen entsegua, eta Elizondok lau zigor kolpe sartu zituen.

Nafarroak neurketa eskasagoa egin zuen, eta batu zuen emaitza ere horrelakoxea izan zen, 35-8 galdu baitzuen Morlasera egindako bidaian. Clerek egin zuen euskaldunen entsegua, eta Celanek zigor kolpe bat sartu zuen.

Maulek ere ez zuen partida askoz txukunagoa egin, eta 3-17 galdu zuen Lannemezan taldearen aurka etxean. Zuri-gorriek zigor kolpe bat egin zuten.

Ohorezko B mailan, Hernanik sekulako astindua eman zion Oviedori 70-0 irabazita. Emaitzak dena argi uzten du. Mendizuri (2), Otxotorena (2), Sarasola, Esnal, Pernas, Larrañaga, Seco, Arruabarrena, eta Insausti izan ziren entsegu egileak. Ruiz de Garibaik bost transformazio egin zituen, eta zigor kolpe bat ere bai. Etxeberriak, zigor kolpe bat sartu zuen.

Durangok ere ez zuen izan aparteko eragozpenik Cornella taldeari 39 eta 13 irabazteko. Bizkaitarrak lehen minututik hasi, eta azkena bitarte nagusi izan ziren.

Emaitzarik kaskarrena, Gernikak batu zuen, 31 eta 28 galdu baitzuen Complutenseren zelaian. Emaitza oso estua izan arren, bizkaitarrek ezin izan zuten garaipena eskuratu. Sailkapenenan Hernani bigarren dago, Gernika laugarren, eta Durango, berriz, bosgarren.

Sailkapena

Donibane Lohizune buru jarri da bere multzoan, eta Nafarroa, berriz, azkeneko dago partida guztiak galduta. Beste multzoan, Maule seigarren postuan dago neurketa bakarra irabazita.

Ohorezko B Maila

Ohorezko B Mailan, Hernanik sekulako astindua eman zion Oviedori, eta sailkapenean bigarren jarri da. Durangok ere lortu du garaipena, eta Gernikak, berriz, galdu egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo