Aizkora
Aizkolaririk azkarrenaren sariketa Tolosan jokatuko da azaroaren 18an
J.L. | DONOSTIA
Aizkolaririk azkarrenaren sariketa Tolosan jokatuko da azaroaren 18an, azken orduko aldaketarik ez baldin bada, behintzat. Bertan aizkolari euskaldunak eta espainiarrak bakarrik izango dira, gainerako herrialdeetatik ez baita inor etorriko.
Azken bi urteetan, bi enpresa ezberdinek antolatuta jokatu da nazioarteko lehiaketa, baina aurten ez da horrelakorik izango.
Euskal Herriko aizkolaririk gehienak izango dira Tolosan, eta espainiar mordoa ere bertan izango dira, Segoviatik, Soriatik, Madrildik eta Asturiasetik etorriko baitira.
Bizkaiko Irekia
Honen aurretik, ordea, Bizkaiko Irekia erabaki beharko da, horretarako ostegunean Diman jokatuko dira bi finalerdiak. Alde batetik, Zubiaga-Rekondo, Laretxea-Garitaren aurka arituko dira, eta ondoren, Arrospide-Aldape Arria-Atutxaren aurka.
Bi irabazleek ez dute atsedenerako tarte handirik izango, datorren larunbatean bertan jokatuko baitute final nagusia Bilbon, La Casillako kiroldegian, 16.30ean hasita. Bertaratzerik ez dutenek, bai finalerdiak, eta baita finala ere, Euskal Telebistatik zuzenean jarraitu ahal izango dituzte.