GARA > Idatzia > Editoriala

Argentinarrak kontinuismoaren alde

Aurreikuspen guztiak bete dira eta Cristina Fernandez Argentinako lehendakari izango da hemendik aurrera. Bozen %44tik gora lortu du Fernandezek -bere senarra lehendakaritzara eraman zuten bozen bikoitza, gutxi gorabehera- eta bigarren hautagaiari hogei puntutik gorako aldea atera dio. Honela, Argentinarrek kontinuismoaren alde eman dute bozka.

Fernandezek sinbolizatzen duen kontinuismoa babestuz, argentinar gehienek Kirchnerren agintea ontzat ematen dutela argi utzi dute. Aginte horren ezaugarri positiboak ekonomiaren gorakada iraunkorra, langabezia eta pobrezia tasen beherakada nabarmena, sistema produktiboaren berrindartzea, kanpo-zorraren negoziazioa, estatuaren eta epailetza egituren berrikuntza eta diktaduran ardurak izan zituztenen zigorgatasunaren amaiera dira. Ezaugarri negatiboen artean, oinarrizko jangaien garestitzea eta ondasunen esportazioen gorakada -oraintxe goseak dagoen jendea bizi den herrialde batean-, ustelkeria kasuak, errepresioa areagotzea, segurtasun eza eta kriminalitatea aipa daitezke. Peronismo sozialdemokratarentzat txirotasuna murriztea lehentasuna izan da orain arte, baina sortu den aberastasunaren banaketa ez da, inola ere, zuzena izan.

Aurrera begira, gobernu berria Kirchner agintean egon den bitartean metatutako kapital politikoa handitzeko eta joera positiboari eusteko gai izango ote den ikusteke dago. Beste alde batetik, indar politiko tradizionalen gainbeheraren ondoren, itzalean Kirchnerrek -zentrotik ezkerrera-, eta Macrik -zentrotik eskuinera-, eraiki nahi dituzten alderdi politikoen garapena aztertu beharko da. Oro har, peronismo-antiperonismo eta ezker-eskuin parametroek baliogarri izaten jarraituko dute, baina hirien eta gainontzeko lurraldeen arteko aldeak ere garrantzitsuak izango dira. Argentinako ezker tradizionalak, bere aldetik, kirchnertarrak presionatzeko bideak aurkitu beharko ditu -kanpotik edo barrutik-, marjinalitatean erori nahi ez badu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo