«Indarkeria oro» gainditzeko lan egingo du EAE-ANVk Hernanin
Asteburuan jazotako istiluei erantzuteko herritar talde batek udalbatza galdegin ostean, EAE-ANVk soilik hartu zuen parte bertan. Beste taldeek mozio politikoak udalbatzan ez direla landu behar argudiatuta ez azaltzea erabaki zuten. Herritarren aldetik, ordea, parte hartzea handia izan zen eta «indarkeria adierazpen oro» gainditzeko elkarrizketa bideak bilatzen jarraituko duela berretsi zuen EAE-ANVk.
GARA |
Pasa den larunbatean amnistiaren aldeko mugimenduak Hernanin egin nahi zuen ekitaldia Lakuak debekatu ostean, Ertzaintza herritarren aurka oldartu eta istilu larriak gertatu ziren. Jazotakoa salatzeko helburuz, ordea, herritar talde batek mozioa aurkeztu eta ohiz kanpoko udalbatza egitea galdegin zion Udalari. EAE-ANVk herritar horien eskaria onartu eta udalbatza deitu zuen atzo arratsalderako. Bertan, «indarkeria espresio oro» gainditzeko lan egiteko konpromisoa berretsi zuen EAE-ANVk.
Bestelako udal taldeak halaber, ez ziren hitzordura agertu mozio politikoak aztertzeko helburua duten udalbatzek, «bizikidetzarako laguntzen» ez dutela argudiatuta.
Edozein kale erasoren ostean udalbatzak eta udal mailako gaitzespenak galdegiten duten alderdi hauek honako mozioa lantzeko «toki egokiena» bozera- maileen batza dela diote, egun hauetan jazotakoa «era lasaian» aztertu behar delako aitzakian. Horiek horrela, PSE, EAJ, EA, PP eta EB-Aralar alderdiek, guztien artean gehiengoa izanik, asteburuan gertatutakoa eta herritarren proposamena aztertzeko bozeramaileen batza deitu dute biharko. Hala eta guztiz ere, EAE-ANVko alkate Marian Beitialarrangoitiak GARAri azaldutakoaren arabera, Udalak ez du eskaera horren berri.
«Eraso larria»
Oposizioa aurkeztu ez bazen ere, udalbatzan herritarren parte-hartze zabala nabaria izan zen, besteren artean Ertzaintzaren kolpeen ondorioz zauritu-tako pertsona bat barne. Bertan zeuden zinegotziek aho batez onartu zuten herritarrek egindako proposamena.
Horiek horrela, Lakuak ezarritako debekua adierazpen askatasunaren eta oroimen kolektiboaren «aurkako eraso larri»- tzat jo dute, eta Hernanik jasandako «jazarpen poliziala» eta Ertzaintzak izandako jarrera gaitzetsi. Era berean, adostutako mozioan lau atxiloketak «arbitrarioak» izan zirela nabarmendu, eta diligentziak Auzitegi Nazional espainolera bidaltzea «mendekua» dela iritzi diote.
EAE-ANVk «tamalgarri» iritzi zion bestelako taldeek parte hartu ez izanari; bere irudiko, Udalaren ordezkari izanik, «herriaren aurrean hitz egitea dagokigu, eta ez ezkutuan, ateak itxita», nabarmendu zuen. Gainera, egungo egoera gainditzeko egoera osotasunean aztertu behar dela ere esan zuten, ikuspegi partzialak baztertuta.
Bestetik, ``El Mundo'' egunkariak kaleratutako informazioa ere arbuiatu zuten, bertan Udala kokatu baitute omenaldiaren antolatzaile. Horren aurka beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela adierazi zuten.
Ezker Abertzalea talde parlamentarioak Hernanin jazotako gertakarien atzean «EAJren motibazio politikoa» dagoela de- ritzo. Gainera, alderdi horrek ezker abertzalea ezabatzeko, «estrategia politiko, mediatiko eta poliziala» duela dio.
Euskal Herria aldaketaren atarian dagoen bitartean, bere ustez EAJ «tematua dago marko demokratikoaren alde dagoen indar politiko nagusia indargabetzen». Horiek horrela, eta bereziki Hernanin gertatutakoaren inguruan, talde horrek bi galdera erregistratu ditu Ibarretxek erantzun ditzan.
Euskal Herria «fase errepresibo berri batean» dagoela deritzo Askatasunak eta Ertzaintza «ezker abertzalea suntsitzeko bere ekarpena» egiten ari dela salatu du. Horren adibide azken egunotan hainbat herritan gertatutakoak ekarri ditu gogora.