GARA > Idatzia > Gutunak

Tomas Anjel Gonzalez Zabalbeitia Abanto

Zertan datza zoriontasuna?

Gai honi buruz historian barna gure burua koka dezagun, aipamen handiko psikologo batek, Boris Cyrulnikek, duela ez asko argitaratu duen bere azken liburuan aditzera eman du zorionaren nozioa berria dela. Baieztatzeko adibide batzuk proposatzen ditu: deabruaren asmakizuna (Flaubert), angustia ezabatzen duena (Renard), lortzen ez denean leizera botatzen gaituena (Fontenelle), bere errezetak gizartean bilatu behar dira (Saint-Just), Erdi Aroko maitasun filtroetan agertzen zen kimika edota egun farmazia industria modernoetan bila dezakeguna. Horretaz gain, honakoa iradokitzen du: lehen arazoak genituela fenomeno hau ongi ulertzeko zoriona ez zegoelako lurrean, zeruan baizik, antzina erlijioek proposatzen zuten bezala, zoriontasuna finean lurtar bilakatu zen Frantziako Iraultzak haren programa politikoan ezarri zuenean.

Dena dela, nire ustez zorionaren oinarrien artean aipagarrienak giza harremanetan ditugu: familia, bikotea, lagu- nak... Horrekin bat ez datozenek, ostera, gauza ikusgarrien artean bilatzen dute: plazerra, aberastasuna, ohoreak, gizarte maila eta abar.

Gehiago zehaztearren, nik onartzen dut gizaki guztiok joera handia dugula onartzeko dirua dela zorionaren sorburu eta helmuga. Egia da aberatsek plazer gehiago lor ditzaketela jende xumeak baino; baina horren aurka argudioak aurkezten dituztenek oldozten dute aberatsek askoz eskari handiagoak, zailagoak, distiratsuagoak dituztela. Haientzat plazerra sentitzea gero eta zailago bilakatzen da, harik eta askotan denetarik dastatu ondoren modu ezabaezin batean nazka sentitu arte.

Aipatutakoaz gain, zoriona hobeto ulertzearren guztiz beharrezkotzat jotzen dut ilusioa izatea edozein gauzarengatik, umeak edo gazteak garenean lez liluratuta beti emozio eta esperientzia berrien bila abiatzen garenean, alegia.

Haatik, oso gai labainkor eta zail honetan ikerketa askorengatik aditua den Nathaniel Branden psikologo ipar amerikarrak azpimarratu du, harrigarriki, behintzat herritar xumeentzat, gutako batzuek adore berezia behar dugula (paaradoxikoa ematen duen arren) zoriona gozatzeko behin baino gehiagotan geure burua saboteatzen dugulako (errua ote?) gupida barik emozioa sentitu bezain azkar.

Ildo beretik doa batek baino gehiagok jakinarazi diguna, zoriontsu izatearen beldurra hain zuzen ere, zoriona ez delako sekula izango erabatekoa, beti izango dugula zerbait desatsegina gugandik hurbil gure errealitatearen jabe bihurtzeko asmoz.

Azkenik, azpimarratu nahi dut fenomeno hori ikertzen duten mota guztietako ikerlariek, ezagutzera eman dutela zoriontsuak izateko autoestimuaren gradu egoki bat beharrezkoa dela, nahiz eta sarritan hori zaila izan, izan ere, geure burua maitatzen ez badugu ezin baitugu ezerekin gozatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo