GARA > Idatzia > Ikusmira

Bush administrazioa fronte berriak irekitzen

Mundu osoan, AEBtan Irakeko okupazioa eteteko eta Iranen aurkako presioa ez areagotzeko deiak gero eta ozenagoak diren arren, ez dirudi AEBetako administrazioak fronterik ixteko asmorik duenik. Are gehiago, atzo Condoleezza Ricek PKKren aurka eta, ondorioz, herritar kurduen aurka ere operazio militarrak egiteko asmoa dutela azaldu zuen. Adierazpen horrekin, turkiar Estatuaren asmoak babestu ditu, beste behin ere.

Europako Batasunak, bere aldetik, Turkiak Batasunean sartzeko eman behar zituen urratsak ez dituela eman esan du oraintxe. Txosten horretan ez du argi uzten Turkiak giza eskubideen alorrean eta herri kurduari dagokionez urratsak baino gehiago, atzerapausoak eman dituela azkenaldian. Txosten horretan ez da aipatzen atzerapauso horiek AEBen, Europako agintarien aliatu estrategikoen, babesarekin eman dituela, jakina.

Irakeko okupazioaren ondorioz, Kurdistango hegoaldeak onarpen instituzional apala lortu zuen estatubatuarren laguntzarekin. Onarpen horrek poza eta AEBekiko esker adierazpenak eragin zituen zenbait kurduren aldetik. Orain argi ikusi ahal izan dute babes hori erabat instrumentala zela eta AEBen jokabidearen atzean betiko asmo inperialistak zeudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo