Aizkora
Larretxea-Garita eta Arria-Atutxa sailkatu dira Bizkaiko irekiko finalerako
J.L. | DONOSTIA
Larretxea-Garita eta Arria V-Atutxa II.a sailkatu dira Bizkaiko Irekiko finalerako. Herenegun eguerdian jokatu ziren finalerdiak Diman, eta gaur 16.30etatik aurrera jokatuko dute finala, Bilbon, La Casilla kiroldegian.
Lehen finalerdian, Larretxea-Garitak irabazi zieten Rekondo-Zubiagari. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren; irabazleek 34tan erdibitu zuten enborra, aurkariei seiko aldea kenduta.
Ondoren, bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, bikotekide bakoitzak bana moztuz; hau Rekondo-Zubiagak irabazi zuten. 1.42ko denbora lortu zuten, eta lau segundoko aldea kendu zieten aurkariei.
Hirugarrenean, kana-erdiko bat zutik, eta bestea etzanda moztu behar izan zuten aizkolariek. 4.06ko denbora lortu zuten Larretxea eta Garitak, eta 1.12ko aldea atera zuten. Gero 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu aritu ziren; Zubiagak eta Rekondok irabazi zuten, amaierako saio luzean bezalaxe;baina zutikako enborrean Rekondok galdutako denbora erabakigarria izan zen. Lan gutziak burutzeko 20 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten txapeldunek, eta 19 segundo gehiago aurkariek.
Arriak eta Atutxak, aldiz, Arrospide eta Aldape menderatu zituzten. Bost probatatik azken biak irabazi zituzten hain zuzen, baina nahikoa izan zuten amaieran finalera sartzeko. Lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 9 segundo behar zian zituzten, eta 22.41 aurkariek.
Lokotx-biltzea
Gaur La Casillan jokatuko den aizkora finalaren aitzinetik, Euskal Herriko Lokotx-biltzeko finala ere jokatuko da. Bertan gizonezko zein emakumezkoen finalak erabakiko dira. Izan ere, gizonezkoetan, Hego Euskal Herriko herrialdeetako finaletako lehenengo biak izango dira, eta emakumezkoetan, berriz, Araba herrialdeak bi ordezkari izango ditu, bat Nafarroak.