ESKALADA Bide berria
Irurtzungo Haitzetako azken bide berria
Makedak eta Joseba Arlegik Haitz Nagusiaren ekialdeko aurpegian «Gora gu ta gutarrak» zabaldu dute: 210 m, 6b (V+/A0). Tresnatutako marra hau klasiko bat bihur daiteke.
Andoni ARABAOLAZA | IRURTZUN
Bazirudien Irurtzungo Haitzetan ez zegoela bide berriak zabaltzeko tokirik, baina Haitz Nagusiaren ekialdeko aurpegian ez da horrela izan, bederen. Makeda eta Joseba Arlegi zirrikituren baten bila ibili dira eta, azkenean, saria erdietsi dute. Pareta handi horren ekialdeko aurpegiaren izkina batean, ipar isurialdearekin ia mugan, bide egoki eta logiko bat atzeman zuten. Ohiko lana egin ondoren, Gora gu ta gutarrak izan da emaitza: 210 m, 6b (V+/A0).
Arlegik aurreratu digunez, ekialdeko aurpegian dauden artesi guztiak zein marra zentzudunenak «okupatuta» zeuden: «Guk izkina batean jardun dugu, iparraldeko ertzetik hurbil. Hain justu, ertz hau etzan eta belartsu bihurtu baino pixka bat lehenago aukera eder bat topatu genuen. Bere ezaugarriei dagokienez, lasai asko esan dezakegu plakeroa dela, baina, haatik, hiru luzetan (3, 6 eta 7.etan) artesi batzuetan barrena eskalatu behar da. Horrek guztiak eskalada klasiko kutsua ematen dio. Zati tenteak, besaurreak fin ibili behar diren horietakoak, ere ez dira falta. Pentsa litekeena baino helduleku gehiago ditu, baina, aurreratu dudan bezala, plakak dira nagusi».
Guztira zortzi luze ditu eta ia gehienak zailtasun berekoak dira; hots, 6a eta 6b artekoak. Hori bai, justu samar dabilenak aukera izango du pauso gogorrenetan A0ren bat edo beste egiteko. Hori dela eta, V+/A0 da halabeharrez gainditu beharreko zailtasuna. Horrela bada, gradu gozo hori ikusita, lasai asko baiezta dezakegu Gora gu ta gutarrak bidea tresnatutako klasiko bat bihur daitekeela. Bai, Caballe edo Patxi Berrio bideen modukoa, baina luze guztiak tresnatuta dituena.
Hornitze lanei dagokienez, Arlegik aipatu digu bidea ez zutela behetik hasita zabaldu: «Luze batzuetara bidearen ondoan dauden leku erraz batzuetan barrena iritsi ginen. Ondoren, lehenengo, bigarren eta bosgarren luze horiek, soka finkoak jarria tresnatu genituen. Beste bileretara goitik rapelatzen iritsi ginen. Egun batzuetako lana izan da. Azkenean, joan zen irailean, Iker Garcia eta Igor Osakarren laguntzarekin, Makedak eta biok tresnatu genuen bidea».
Gora gu ta gutarrak bidea paraboltekin eta xafla herdoilezinekin tresnatu zuten eta, bilerak atontzeko gailuez gainera, 12 zinta besterik ez dira behar. Aipatu beharra dago bide berri honek seigarren luzean Buruntza eta Bardulia bideekin bat egiten duela ere; horrela bada, tontorrera iristeko bi luze komun ditu.
Behin eskalada amaituta, jaitsieran murgildu behar da, eta horretarako hainbat aukera daude. Bat, bide beretik rapelatzen jaistea. Horretarako, 70 metroko soka behar da eta, Arlegik azpimarratu digunez, 5. eta 6. luzeetan, diagonalak direnez, soka seguru batzuetatik pasatu beharko dugu. Bi, tontorraren ondoan antolatutako rapel sistema erabili. Ekialdeko aurpegiaren erditik 8 rapeletan (60 metroko soka) jaisten da. Eta hiru, Haitz Nagusiaren ohiko bidetik oinez jaistea. Bidea amaitu eta tontor nagusira jo behar da. Hasieran 15 metroko rapela egin eta handik, lepo txiki horretatik, tontor nagusira eskalatzen (4c) igotzen da. Hortik aurrera, ohiko bidea hartu behar da. Zati txiki batzuk erdi eskalatzen jaitsi behar dira (pare bat rapel ere egin daitezke) eta ondoren oinez. Azken aukera hau da gomendagarriena.