GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Pedro Pablo Arrinda Azpeitiko Ikasberri Ikastolako zuzendaria

Gestioaren hezkuntza

Hezkuntza arloko plan estrategikoak sarritan aldaketa gauzatu behar duten protagonisten iritziekin kontatu gabe, hezkuntza eredutik kanpo dauden arloen errezetetan oinarritzen dira

Hiritartasunaren heziketa ikasgaia aplikatzearen garrantzia, ikastetxearen titularitatea edozein izanda ere, hezkuntza munduko esparru ezberdinetan azkenaldi honetan ahoz aho dabilen gaia da.

Ikasgaian sakontzeko inongo asmorik gabe, «hiritartasun» hitzak garbi uzten du gai hori landu eta jaso behar duena, komunitatean edo gizartean beste gizakien elkar harremanean bizi den pertsona izango dela. Ondorioz, gizaki horri irakatsi nahi zaizkion balore indibidualak guztiz lotuak daude gizartean dagoeneko ezarrita dauden baloreekin.

Eskolak bultzatu nahi dituen baloreak, askotan modu teorikoegian, eta gizarteak modu pragmatikoan eskatzen dituenen arteko lotura ikusaraztea zail gertatzen da. Are gehiago, gaur egun mundu globalizatuan gertatzen diren aldaketa sozialen abiadurak gizarteak eskatzen duenaren eta eskolak irakasten duenaren arteko aldea nabariagoa egiten du. Kontuan izan behar da, gainera, hezkuntzan gertatzen diren aldaketak erritmo motelean izaten direla, sektorean aldaketek suposatzen duten arriskuengatik eta izaera kontserbadorea izateagatik.

Gaur egun hezkuntza sistemetan gauzatzen ari diren aldaketak, barne hausnarketek bultzatutako kriterioekin badira ere, une horretan modan dauden korronteekin loturik daude. Hala, hezkuntza arloko plan estrategikoak sarritan aldaketa gauzatu behar duten protagonisten iritziekin kontatu gabe, hezkuntza eredutik kanpo dauden arloen errezetetan oinarritzen dira. Orokorrean estrategiak eta hauek ezartzeko erritmoak kanpoko adituek diseinatzen dituzte.

Egoera honetan daude eskola gehienak, batez ere kontzertatuak. Ikasle potentzialen gabezia dela eta, bizi iraupenerako behar duten diru laguntza lortzeko, ebaluazio-enpresek ematen dituzten sariak jasotzeko ahaleginetan aritzen dira, ondoren, modu propagandistikoan erabiltzeko. Bide batez esan beharra dago ebaluatzeko parametroak ezarri zituzten aditu haiek direla gaur egun eraginkortasunik ez dutela onartzen lehenak.

Nahaste horrek helburuak eta bitartekoak nahasten ditu eta prozedurak bihurtzen ditu hezkuntzaren helburu nagusi. Horrela, irakasleek ikasleak ezagutzeko duten denbora ikasleekin igaro beharrean, horrek duen balio pedagodiko eta afektiboarekin, amaitezinak bilakatzen diren prozeduretan igarotzen dute beren denbora baliotsua. Hau da, ikasleen motibazioak eta zailtasunak pertsonarengandik zuzenean jaso beharrean ordenagailuaren bidez jaso nahi dira.

Bestalde, argitara gutxitan irtetzen den kontraesan bat ere aurki dezakegu, hots, ikastetxeak egunerokotasunean funtzionatzeko duen prozedura eta ikasleei txertatu nahi zaizkien baloreen artean dagoen kontraesana. Gai honetan murgilduz, ikasleei eskatzen zaizkien hainbat jarrera: talde lana, elkar banatzea, komunikatzea, elkarrenganako konfiantza... irakasleok maiz betetzen ez ditugun jarrerak dira. Ondo jakina da, esandakoa baino, egunerokotasuneko jarrerak direla transmititzen direnak.

Halere, jokabide hau ikastetxeak kudeatzeko eta funtzionatzeko duen moduaren isla baino ez da. Behin eta berriz galdetu behar diogu geure buruari, ea irakasleei transmititzeko eta praktikatzeko eskatzen dizkiogun baloreak, eta ondoren gure komunitatea gestionatzeko erabiltzen ditugunak bat datozen. Ekimen berriak abiarazteko ikaslearen autonomia eskatzen dugu, ikasleekin etengabeko komunikaziorako giroa sortu nahi izaten dugu, arazo eta gatazken konponbidean trebatu nahi izaten ditugu, koherentzian hezi, partekatzean... Baina ikastetxeetako gestio egiturek laguntzen al dute helburu hauek gauzatzen?

Modan dagoen terminologia erabiliz, nahiz eta antzina erabiltzen zirenen esanahi bera ez izan, ikastetxe gehienek plan estrategikoan agertzen diren misio eta bisioak ezarri dituzte zenbait baloretan oinarrituta.

Ez dut zalantzarik fede onez eginiko ariketa dela, baina argi dut paperean idatzita egoteagatik soilik ez duela eragile izan behar diren pertsonengan aldaketarik eragingo, eta are gehiago kasu gehienetan protagonista izango direnak kontuan hartzen ez direnean.

Porrota edo arrakasta lortzen duten estrategiak ez dira prozeduran edo estrategian bertan oinarritzen, pertsonen jarreretan baizik; bere eraldaketa, proiektuaren eratze eta garatze prozesuan parte hartuz baino ezin daiteke lortu. Beraz, gure gazteen etorkizunerako eta gizartearentzako orokorrean nahi duguna transmititzeko barne hausnarketa egiteke dugu; nola egin? gutxiago teorizatuz eta gehiago praktikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo