Haizearen Orraziaren historia, Baionako euskal museoan
Txillidaren Haizearen Orrazia artelanaren ezarpenaren 30. urteurrenaren karietara, Baionako Euskal Museoak, «Haizearen Orrazia - Le Peigne du vent» erakusketa jasoko du hurrengo asteotan. Bertan, Donostiaren ikur bihurtu den lanaren ibilbidea kontatzen da, Txillidaren lehen marrazkietatik hasi eta 1977an artelana ezarri artekoa.
Eneritz ZABALETA | BAIONA
«Haizearen Orrazia- Peigne du vent» Txillidaren izen bereko eskulturari buruzko erakusketa jasoko du Baionako Euskal Museoak urtarrilaren 6a arte. Bi xede ditu erakusketak: Donostiako eskultura ezagun eta baliotsuenetakoaren historia azaltzea, eta Txillidak berak, «Haizearen Orrazia» izenburupean sortu zituen 23 eskulturako seriea erakustea. Ahalik eta jende gehien hurbiltzeko, dohainik ikusten ahalko da erakusketa osoa. Izan ere, harrerarako erabili ohi den gelan jarri dute erakusketa Euskal Museoaren arduradunek, eta bertara doan sartzen ahalko da.
Astelehenean egin zen erakusketaren irekitzea. Bertara, Lapurdi eta Gipuzkoako ordezkari politikoak azaldu ziren. Tartean, Jean Jacques Lasserre, Kontseilu Orokorreko lehendakaria, Jean Grenet eta Odon Elorza Baiona eta Donostiako auzapezak, edo Max Brisson, Kontseilu Orokorreko kultura arduraduna eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria zeuden. «Mugaz gaindiko harremanen estutzearen baitan» kokatu zuen Lasserrek erakusketa, Baionako eta Donostiako auzapezen oniritziarekin.
Arduradun politikoekin batera, Pilar eta Eduardo Txillida, eskultorearen alarguna eta semea ere egon ziren irekitzean. Pilar Belzuncek hitza hartu zuen, eta oso hunkituta azaldu zen, haren senarrak «bereziki maite» zuen hirian, hots, Baionan erakusketa egin izanagatik. Joseba Zulaika, Euskal Museoko zuzendaria ere, pozik eta hunkituta zegoen irekitzearekin: «oso irekitze hunkigarria izan da. Txillidaren familia hain hunkituta eta pozik ikusteak harro sentiarazi nau. Arduradun politikoak ere bereziki pozik agertu dira erakusketarekin».
«Haizearen Orrazia» serie osoa
Baionako erakusketa bi zatitan banatuko da. Lehendabizikoan, argazkien bidez eta euskarazko eta frantsesezko hainbat testuren bidez Txillidaren eskulturaren sorrera kontatzen da; lehenengo marrazkietatik hasi eta Donostiako ingurunean kokatu zen arte. Lehen erakusketa horretan, eskulturaren altzairua ekoizteko, lana bera osatzeko, eta azkenik Donostian kokatzeko iragan ziren pasadizoak kontatzen dira. Bigarren zati batean, Txillidak Haizearen Orraziaren inguruan egindako seriea izanen da ikusgai. Artista donostiarrak, 1952tik 1999ra hainbat eskultura, collage edo marrazki osatu zituen haizearen orraziaren gaiaren inguruan. Euskal Museoak, oso gutxitan lortu dena lortu du, ia serie osoa elkartu duelako. Orotara, 23 eskultura bilduta daude Baionan, beste hainbeste paper gaineko lanekin batera.
Bi erakusketa horiek, Haizearen Orraziaren 30. urteurrena dela-eta prestatu diren 3 erakusketako multzoaren barnean daude: «hirugarren erakusketa Hernanin izanen da ikusgai, Txillida-Leku museoan» azaltzen du Zulaikak. Hernaniko museoarekin lotura egiteko, Euskal Museoak egun osoko ibilaldia eskainiko du erakusketan zehar: «ibilaldian Hernaniko museora, eta Haizearen Orrazira bertara bisita eginen da» azaldu digu Zulaikak.
Bisita, museoak erakusketaren inguruan antolatutako ekimenetako bat da. Hala, erakusketaren inguruko haurrentzako tailerrak antolatuko ditu museoak. Tailer hauek, eskualdeko eskolekin elkarlanean egingo dira. Azkenik, «Txillidaren inguruan» izenburupean, Txillidari buruzko hitzaldiak, ikusentzunezko lanak, eta Madrilen artistak hitzaldi batean pausatu zituen galdera batzuei buruzko mahai ingurua antolatuko ditu erakusketak iraun bitartean Euskal Museoak. Urtarriletik aitzina, lanak Hernanira itzuliko dira.
Haizearen Orraziari buruzko erakusketa Baionako Euskal Museoaren atari gelan dohainik izanen da ikusgai. Urtarrilaren 6a arte atxikiko du Euskal Museoak erakusketa.