Segurtasunaren logikak markatutako neurriak
Europako Batzordeak «terrorismoaren aurkako guda»ren testuinguruan eta segurtasunaren logikan kokatzen diren neurri gehiago iragarri ditu. Neurrien artean terrorismo terminoaren zabalpena edo hegaldietako bidaiarien datuen kontrol handiagoa nabarmendu daitezke. Franco Frattini, Batzordeko Justizia, Segurtasun eta Askatasunen arduraduna izan da proposamenen egilea.
Diskurtso ofizialetan Europar Batasuneko agintariek kontinente zaharraren balioez mintzatzeko ohitura dute. Gainera, zuzenean aipatzen ez badute ere, tradizio politiko eta moral horren gorespena Ameriketako Estatu Batuetako tradizio ezari kontrajartzen diote. Nolabait esateko, AEBekin konparatuta Europa ez da indar ekonomikoa edo politikoa, baina, historiaren eta moralaren ikuspuntutik, Europa munduko indar nagusia da.
Halere, atzo iragarritako neurriek AEBetan indarrean dauden zenbait segurtasun neurri gainditzen dituzte. Herritarren eskubideen bortxaketan EBko agintariak beraien lagun amerikarrak baino urrunago joan dira. Horrelako neurriekin, segurtasunaren logikan europarrak AEBen menpeko ez direla erakutsi nahi dutela dirudi. Salbuespena ezartzen ere aintzindari izan daitezkeela erakutsi nahi dute. Bruselatik batasuna segurtasunetik ari dira eraikitzen eta ez ongizatearen edo eskubideen ikuspuntutik.